Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

ELBk bere nagusitasuna berretsi du Paueko Laborantza Ganberarako bozetan

Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatu bozkatuena izan da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, Paueko Laborantza Ganberarako bozetan. Urtarrilean zehar egin zen hauteskunde prozesuaren emaitzak atzo plazaratu zituen Prefeturak. FDSEA lehen indarra izanen da beti departamendu mailan.

Paueko Laborantza Ganbera berritzeko bozak FDSEA sindikatuak irabazi zituen, 2.825 boto eskuratuta (%53,98). Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako laborariek emandako botoak aintzat hartuta, ELBk %50eko langa gainditu zuela baieztatu zuen Panpi Sainte-Mariek. Beraz, lehenengo indarra jarraituko du izaten euskal lurraldeetan. Orotara, ELB sindikatuko zerrendak 1.267 boto jaso zituen (%24,21), bigarren indarra agertuz Pirinio Atlantikoko departamenduan.

Paueko Laborantza Ganberako azkeneko bozak 2013an iragan ziren. Departamendu mailan, orduan ere, FDSEA izan zen sindikatu bozkatuena, botoen %49,59 eskuratu zituela. Hauteskunde horietan ELB sindikatuak Confederation Paysannerekin zerrenda amankomuna osatu zuen. Hartara, laborantza jasangarriaren aldeko engaiamendua hartu zuen hautagaitza horrek botoen %35,31 eskuratu zituen departamendu mailan.

Ipar Euskal Herriko laborarien bozak bi hauteskunde barrutitan jasotzen dira. 2013an ELB nagusitu zen Baionako barrutian (Lapurdi eta Nafarroa Behereko laborariak), botoen %48,43 eskuratuz. Oloroe-Donamariako hauteskunde barrutian (Zuberoakoak gehi Bearnokoak) FDSEAk botoen %52,23 lortu zituen eta ELBk %39,26. Atzoko emaitzen arabera, Confederation Paysannek botoen %13,19 jaso zituen. Beraz, aliatu gisa jardun ohi diren bi sindikatuen artean botoen %37,4 metatu zituzten, 2013an baino bi puntu gehiago.

Aurtengo bozek beste datu deigarri bat utzi dute: abstentzioa. 2013an parte-hartzea %62,63koa izan zen. Aurten, ordea, %54,23koa. Boz hauetan, laborariek lehen aldiz boto elektronikoa erabili ahal izan dute. Hala ere, parte-hartzea 8,4 puntu apaldu da.

Euskal Elkargoaren eskutik

Iparraldean orotara 4.500 etxalde daude, hau da, baserri bat dago 64 biztanleko. Estatu frantsesean, ordea, 128 biztanleko etxalde bat dago. Halere, azkeneko hamarkadan Iparraldeko etxaldeen %25 desagertu dira. Hartara, nekazaritza eta lurraldeko elikadura aintzat hartuko lituzkeen onura publikoko egitura baten sorrera aldarrikatu du ELBk. Euskal Elkargoak laborantzaren aldeko politika publikoa garatzeko engaiamendua berretsi zuen iazko abenduan.