Asier Aiestaran

Elezkano II.a eta Rezusta dira Binakako txapeldun berriak (22-19)

Zaratamoko aurrelaria eta Bergarako atzelaria gehiago hurbildu dira beraien bertsiorik onenera, eta dema guztian aurretik joan dira. Irribarriak eta Zabaletak huts gehiegi egin dituzte.

Elezkano eta Rezusta, txapelak jantzita (Monika DEL VALLE / FOKU)
Elezkano eta Rezusta, txapelak jantzita (Monika DEL VALLE / FOKU)

Final aurreko analisietan aipatzen ziren gakoak ziren. Irribarria eta Zabaleta, hutsik egin ezean, ia garaiezinak direla, baina erregularragoak izan direla aurtengo txapelketan Elezkano eta Rezusta. Eta dikotomia horretan, Elezkano eta Rezusta gehiago hurbildu dira beraien bertsiorik onenera.

Hasieratik hartu dute aurrea markagailuan (4-0), eta abantaila horrek ere lasaitasun gehiagorekin jokatzeko aukera eman die gorriei une askotan. Piloteoan urdinak gehiagotan nagusitzen ziren, baina tantoa amaitzeko orduan, eta batez ere ez galtzeko garaian, gorriak zuzenago aritu dira.

Azken partidan bezalaxe, Beñat Rezusta kolpe freskoarekin aritu da, Irribarriari aukerako pilota gutxi utziz, eta Elezkano ere lotsagabe aritu da aurrean, bolearekin paretean min eginez. Tartea 6-1 ireki da horren ondorioz.

Baina denbora kontua zen markagailua parekatzea, kantxa gainean ez zelako horrelako alderik ikusten. Rezustaren lehen akatsak emandako aukerari jarraipena emanez, 6-5 hurbildu dira Irribarria eta Zabaleta, baina ez dute lortu berdinketara iristea.

Partida halaxe joan da. Urdinak hurbildu eta gorriek ihes egin. Zabaleta errestoan normalean baino pattalago aritu da gaur, eta Elezkanok sakez egindako hiru tantoak eramateko modukoak zirela esan daiteke. Bide horretatik, gorriak berriz ere 9-5 aurreratu dira.

Irribarriari kosta egin zaio lehen zati horretan jokoan sartzea, eta ez du arriskatu nahi izan. Baina finalaren nondik norakoa ikusita ez zaio beste erremediorik geratu eta bere lehen tanto ikusgarriak etorri dira. Aurreneko kolpean 9-8ra hurbildu dira, eta bigarrenean, azkenean bai, 10-10 berdindu dute markagailua.

Atsedenaldiak, ordea, ez die batere onik egin Irribarria eta Zabaletari. Aurrenekoaren bueltan gorriak 16-11 aurreratu dira markagailuan, Danel Elezkanoren tanto bikain batzuk tarteko. Baina berriz ere Irribarriaren erantzuna iritsi da, eta 16-16 berdindu dute dema urdinek.

Bigarren atsedenaldiaren jiran, ordea, tartea jada handiegia izan da. Elezkanoren eskutik, gorriak 21-17 ipini dira, eta hor urdinak jada ez zuten akatserako marjenik. Saiatu dira azken ahalegina egiten, 21-19ra hurbilduz, baina Irribarriak txapara bidali duen pilota batek 22-19koa eman die irabazleei.

Aurreneko txapel handia Danel Elezkanorentzat, bigarrena Rezustarentzat, eta batez ere sekulako poza bientzat, iaz galdu zuten finalaren errebantxa hartu dutelako.