A.A.

Eusko Label Ligak abiada hartuko du

Aurreko asteburuan hasitako Eusko Label Ligak abiada hartuko du gaur Santanderren eta bihar Lekeition jokatuko diren hirugarren eta laugarren estropada puntuagarriekin. Oriok irabazi zituen aurreneko bi probak eta lidergoan da 24 punturekin, baina argi geratu zen parekotasun handia dagoela goiko ontzi nagusien artean.

Aurreko asteburuan hasitako Eusko Label Ligak abiada hartuko du gaur Santanderren eta bihar Lekeition jokatuko diren hirugarren eta laugarren estropada puntuagarriekin. Oriok irabazi zituen aurreneko bi probak eta lidergoan da 24 punturekin, baina argi geratu zen parekotasun handia dagoela goiko ontzi nagusien artean.

Gaurko proba, Santanderreko badian, ohiko estropada izango da, hiru ziaboga eta lau luzekoa, eta txandak sailkapen nagusiaren arabera antolatuko dira: aurrenekoan Astillero –antolatzailea–, San Pedro, Lekittarra eta Cabo irtengo dira; bigarrenean Ondarroa, Kaiku, Urdaibai eta Santurtzi; eta hirugarrenean Hondarribia, Donostiarra, Zierbena eta Orio.

Bihar XXXIV El Correo Ikurriña - BBK Sari Nagusia jokatuko da Lekeition (Euskotren Ligako proba 11.30ean hasiko da eta Eusko Label Ligakoa 12.00ak aldera). Hau ere ohiko estropada izango da, lau luze eta hiru ziaboga itsaso zabalean, baina kontuan izan behar da txandak bezperan Santanderren lortzen diren emaitzen arabera antolatuko direla.

Eguraldi aurreikuspenek ez dute aparteko aldrebeskeriarik iragartzen astebururako. Metro erdi inguruko olatuak eta haizea eguerditik aurrera ipar ukitua hartuz. Gaur Santanderren baliteke jendea itsasoari baino gehiago haizeari begira egotea.

Errobi ibaian

KAE-1 eta ETE ligei dagokienez, laugarren estropada puntuagarria izango dute arratsaldean Baionan, Errobi ibaiko uretan. “Baiona Hiriko I. Estropada” izena eman diote eta erlojupekoa izango da. ETE Ligako proba 16.00etan hasiko da eta hamaika ontziak bi txandatan banatuta irtengo dira. KAE-1 Ligako estropada 17.00etan hasiko da eta hamabi traineruak txanda bakarrean irtengo dira.

ETE Ligan Hibaika izan da orain artean nagusi, 33 punturekin eta jokatutako hiru estropadak irabazita. Zumaia da bigarren 29 punturekin eta Tolosaldea hirugarren 25ekin. KAE-1 Ligan Zarautz da lider, hirutik hiru irabazita 36 punturekin, eta Deustu bigarren, 31rekin.

Azkenik, KAE-2 Ligako estropada ere jokatuko da gaur, 17.00etan Castron. Orio B eta Getxo berdinduta daude lidergoan 21 punturekin.