Obraren idazle Casetek pagolarrei beste gai bat proposatu bazien ere, aurretik idatzita zeukan Domingo Garatena hautatu zuten, gaurkotasunari loturik dagoelako: Euskal Elkargoaren sorrerarekin eta euskararen aldeko aldarrikapenarekin egiten dute lotura, Frantziako Iraultzan eta ondoren Domingo Garatek bi eremu horien inguruan lan egin baitzuen.
Garat anaiak ezagunak dira iraultza eta ondoko urteetan Estatu frantsesean izan zuten garrantziagatik, baina Euskal Herriari eta euskal kulturari izan zion atxikimenduarengatik pastorala Domingori eskaintzea deliberatu zuen Casetek.
Protagonistaren joan-etorriez gain, inguru historikoari tokia eman dio egileak. Lehen lau jelkaldiek Baionako portuan zegoen esklabo-merkataritza jarduera aurkezten dute. Jarraian, frantses iraultza, Lapurdik Biltzarra galdu zuelarik, eta ondoren Estatu frantses eta espainiarraren arteko gerla eta horrek Lapurdira ekarri zuen hondamena agertzen dira. Azkenik, Uztaritzeko auzapez garaia aurkezten da; «biziki inplikatua zen euskarari buruz», azaldu du Inchastoichipyk.
«Maite dut pastoralean zerbait azkarrik kontatzea, ikas dezagun zerbait. Pastorala beti ederra duzu, baduzu magia alimalea egun hartan, eta hori ez duzu esplikatzen ahal», baieztatu du Lechardoyk.
Azken pastorala 1982an
Urtero itzultzen da pastorala Zuberoara; Pagolara bueltatzeko, aldiz, 37 urte behar izan ditu, 1982an egin baitzen azken aldiz. Belaunaldi berriak «lana nahikunde handiarekin» hartu duela azaldu du Fabien Lechardoy zuzendariak. Herri tipia izanik, motibazioa herritar guztien artean hedatu da. 85 arizale (pastoraleko aktore) izanen dira taula gainean, baina beste lanetan ere anitz dira. Agertokia muntatzen, esaterako, 100 herritar aritu dira, eta urte osoan 10 bat emazte ibili dira jantziak egiten, Stephanie Vitte-ren gidaritzapean.
Antzerki herrikoia dugu pastorala, eta horrek taula gainera salto egin ez duten talentuak deskubritzea ahalbidetzen du. «Sekula ez nuen kantatu etxetik kanpo, sorpresa handia izan zen niretzat hautatua izatea, lotsatia bainaiz, eta ez naiz aise moldatzen jendearen aitzinean. Baina ikasi dut, Fabienek eta Sophie Larrandaburu kantu zuzendariak, kuraia eman didate», erran du Thierry Inchastoichipy sujetak.
«Beti bezala, errejent gisara, karguak banatzen ditut. Thierry hautatu nuen boza eta postura ona dituelako. Gero lotzen naiz taula jokoa egiteko, zenbaitek atzemanen dute badirela gauza batzuk kanbiaturik, baina niretako zuzen sartzen dira istorioan», aitortu du Lechardoyk.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Real, campeona de Copa en los penaltis, como en 1987: ¡va por ti, Aitor Zabaleta!

Médicos comunican a Osakidetza y Osasunbidea que no realizarán jornadas voluntarias de tarde

Aitzol Gogorza presoak askatasuna berreskuratu du 26 urteren ondoren
