naiz

Bilbo eta Baionako manifestazioetara joateko deia egin dute Sarek eta Bakegileek

Urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioetara joateko garrantzia nabarmendu dute Sarek eta Bakegileek Donostian egin duten agerraldian. Paris eta Madrili aurrerapausoak eman behar dituztela exijitzeko garaia dela adierazi dute. «Orain da unea», berretsi dute.

Sare eta Bakegileak taldeetako ordezkariak bilera eta agerraldia egin dute Donostian. (Jon URBE/FOKU)
Sare eta Bakegileak taldeetako ordezkariak bilera eta agerraldia egin dute Donostian. (Jon URBE/FOKU)

«Milaka izan ginen iaz Bilbon eta Baionan Espainiako zein Frantziako Estatuei espetxe politikaren baitan, bakean eta elkarbizitzan den jendarte baten alde, urratsak eta blokeoa hausteko eskatuz kalera atera ginenak. Mobilizatzen hasi genuen urteak, aste pare bat barru amaituko denak, urrats garrantzitsuak utzi ditu auzi honen baitan. Frantziar Estatuak, gizarte zibilaren bultzada iraunkorrari esker, euskal presoak gerturatu eta batzeko urratsak eman ditu, baita DPS estatutua kentzekoa ere. Honek, kasik, lehen fasearen amaieran kokatu gaitu, baina oraindik helburutik urrun gaude, bereziki, gobernuaren ardurapean den ministerio publikoak duen blokeo eta aldaketa ezaren jarrera dela medio», adierazi dute.

Espainiar estatuari dagokionean, balorazio «gazi-gozoagoa» egin dute, Sanchezen Gobernuak adierazpenak egin baditu ere ez baititu gauzatu. «Urteak aurrera egin ahala, atzera pausuak ere eman direla baloratzea baino ez zaigu geratzen; hainbat presoren urrunketak eman dira, Jon Enparantza eta Arantza Zuluetarena kasu, eta urte lazgarria izan da larriki gaixo diren presoei dagokionean, Juan Mari, Oier eta Jose Angelen heriotzak bizi izan ditugu, eta oraindik ere, espetxean eta salbuespenezko neurriekin jarraitzen duten 20 preso gaixo baino gehiago ditugu», gogoratu dute.

Halere, Euskal Herrian urte emankorra izan dela nabarmendu dute. «Estatuez gaindi, ordea, 2019. urtea emankorra izan dela uste dugu. Iparraldean hasitako bidea kontsolidatu eta indartu egin da, gero eta babes eta atxikipen zabalagoa eskuratuz. Hegoaldean, maila instituzional, politiko, sindikal eta sozialean gehiengoz lortutako adostasunak nabarmendu nahi ditugu; espetxe politikaren aldaketa, urruntze politikaren amaiera, gaixo larrien kaleratze edota motxiladun haurren egoerarekin amaitzeko adostasunak egonkortu dira», diote.

«Euskal jendarteari dagokionean, argi esan dezakegu, garai berri bati ateak zabaldu eta aurrera egiteko prest gaudela, espetxe politikan aldaketak eman, salbuespen legedia bertan behera utzi eta presoak, legeak ezarritako bideak jarraiki, etxera bidea hartu dezaten. Aurrera egin nahi dugu, sufrimendua sortzeari utziz, elkarbizitza erreala gauzatu nahi dugu», aldarrikatu dute.

Paris eta Madril presionatzen jarraitzeko deia egin dute ere. «Estatuei dagokionean, blokeo, erresistentzia eta erdizkako mugimenduen aurrean, jendarte zibilari dagokigu eraiki nahi dugun etorkizunari ateak zabaldu eta ireki den garai berri honek sortu dituen baldintzak probestea. Argi dugu aldaketak ez direla estatuen borondatez gertatuko. Hala erakutsi digu esperientziak. Jendartea da, aldaketa horiek gauzatzeko benetako bermea».

Gauzak horrela, urtarrilaren 11ko manifestazioek Paris eta Madrili aurrera egiteko exijitzeko direla nabarmendu dute.