Ion SALGADO
GASTEIZ

Egia, justizia eta erreparazioaren aldarrikapenak bizirik jarraitzen du Zaramagan

1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen hildako bost langileak gogoan izan dituzte goizean Zaramagan egin diren ekitaldietan. Arratsaldean, milaka lagunek manifestazioa egin dute Gasteizen, bost langileak gogoratzeko eta memoria eta justizia aldarrikatzeko.

Arratsaldean Gasteizko kaleetan zehar egin duten manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Arratsaldean Gasteizko kaleetan zehar egin duten manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Duela 44 urte, 1976ko martxoaren 3an, espainiar Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen. Gaur, urtero errepikatzen den bezala, omenaldiak errepikatu dira Zaramaga auzoan dagoen monolitoan. Bertan bildu direnek, berriz ere, egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dute sarraskiak egindako biktimentzat.

EH Bilduren hautagaia den Maddalen Iriartek memoriaren garrantzia nabarmendu du, Gasteizen gertatu zena ez ahazteko, eta egia eta justizia exijitzeko lanean arituko direla ohartarazi du, gaur egun sarraskiaren arduradunek duten inpunitatearekin amaitzeko. Izan ere, berak adierazi duen bezala, «Trantsizioa eredugarria ez zela izan erakusten duen adibiderik gordinena da Martxoaren 3a».

1976ko martxoan Zaramagan bildu ziren langileek lan baldintza duinen alde borrokatu zutela gogoratu du, eta gizarteak haien lekukoa hartu behar duela esan du. Halaber 2020ko lehengo hilabeteetan 14 langile hil direla salatu du. Gainera beste bi langile desagertuta daude Zaldibarren. Haien familiei elkartasuna adierazi die Iriartek, eta EH Bildu laguntzeko prest dagoela adierazi du. «Lana eta heriotza binomio bat izan ez daitezen lan egin behar dugu», erantsi du.

LAB sindikatuak ere lanean hildakoak gogoan izan ditu. «Hildako langileen zenbakiek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaia daukan gordintasunean azaleratzeko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da honen guztiaren atzean dagoen patronalaren buruzko irakurketa politikorik egin nahi. Botere politiko zein instituzionala behin da berriz lerrokatzen dira patronalarekin beraien prekarizazio politikak bultzatuz eta babestuz», salatu dute sindikatuko ordezkariek.

Milaka lagunek justizia eskatu dute Gasteizen

Urtero bezala, Gasteizko kaleetan milaka lagun bildu dira berriro, bost langileak gogoratzeko eta hauentzat memoria eta justizia eskatzeko.

Sindikatuek eta Martxoaren 3ko Elkarteak deitutako martxa Zaramaga auzotik abiatu da, langileak hil zituzten tokitik, hain zuzen ere. Atera duten pankartan hurrengoa irakur zitekeen: «Hiltzen jarraitzen duzue. Euskal langileok ez dugu barkatzen. Ez atzo eta ez gaur. Bizitza duina».

Manifestazioaren buruan, bost langileen argazkiak jarri dituzte eta, atzean, «Justizia» leloa letra handietan. Gainera, «Herriak ez du barkatuko», «Martxoak 3, guk ez dugu ahazten» eta «Patronal hiltzailea» bezalako oihuak bota dituzte manifestazioan.

Martxa hasi aurretik, San Frantzisko elizaren ondoko monolitoan omenaldia egin dute, gertaera horiek gogoratzeko, eta manifestu bat irakurri dute. Bertan, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei, «justizia sozialean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko borrokan, mobilizatzen eta antolatzen jarraitzeagatik. Horrela amestu zuten 1976an, eta horrela jarraitzen dugu gaur egun ere».