
Urtarrilaren amaieran, EHUko Leioako Campusean aurkeztu zuen Miren Artetxe ikertzaile eta bertsolariak epaimahaiaren aitzinean azken urteetan garatu duen ikerketa, `Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimazio prozesuak´ izenekoa.
Jone Miren Hernandez eta Josu Amezaga irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean egin du lana, EHUn.
`Hizkuntza ohituren aldaketak gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira´, agertu du ikertzaileak. Eta erantsi du unean-unean, bizitzako aldaketa garaietan, hizkuntza ohiturak mantendu edo alda daitezkeela. Hizkuntza mudantza deitu dio horri.
`Ahaleginarekin baino, gozamenarekin lotzen duten jarduera eta harreman batzuen jiran, gazte identitatea eta hizkuntza identitatea talde eta norbanako gisa eraikitzeko parada eskaintzen diete bertso-eskolek´, adierazi du.
Hitza hartzea, lotsa galtzea, iritzia eraikitzea... horiek guztiak partekatzen dituzte taldean: `Haiek aukeratuta eraikitzen ari diren gazte identitatearen ezaugarriak dira. Hori guztia euskaraz´.
Hiztun berrientzako akuilu eta traba
Bertso-eskoletako hiztun berrien ibilbideei ere erreparatu die Artetxek. `Haien rol soziolinguistikoak aski legitimatzen zituen bertso-eskoletako galbahea oharkabean zeharkatzeko, eta ez dute etxean euskara ez ikasi izanagatik haiek eta gu bereizketarik sentitu. Bertso-munduan eta, bereziki, Hego Euskal Herrian sozializatzean, ordea, hiztun kategorien arteko bereizketarekin egin dute topo; eta horrek zalantzan jartzen du, inplizituki, hiztunon legitimitatea´, azaldu du.
Txanponak, izan ere, bi aurpegi ditu hiztun berriei dagokienez: `Bertsotan ari denari hizkuntza gaitasun altua eta erabilera trinkoa egozten zaizkio´. Beraz, bertso-eskolan sozializatzea hiztun berrien legitimaziorako akuilui izan daiteke.
Aitzitik, traba ere izan daiteke, bertsolari kanonikoa hiztun legitimoa delako, hiztun zaharra, alegia.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción
