NAIZ

Deba eta Mutriku lotzen dituen zubiko lanak hasteko tramitea onartuko dute bi udalek

2018ko uztailaren 5ean erori zen Deba eta Mutriku lotzen duen zubia, oinezkoentzako pasabide bakarra. Gipuzkoako Aldundiak lanak egiteko hitzarmen proposamena bidali die bi udalei egunotan eta osteguneko osoko bilkuran landu eta onartuko dute.

Deba eta Mutriku lotzen dituen zubia. (Gorka RUBIO / FOKU)
Deba eta Mutriku lotzen dituen zubia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Monumentu-multzo izendapena duen zubiaren zutoin bat hautsi eta zati bat erori egin zen 2018ko uztailaren 5ean. Ordutik asko zaildu da bi herrien arteko komunikazioa, oinez igarotzeko bide bakarra baitzen. Zubiaren zati bat Debakoa da (bi heren) eta bestea Mutrikukoa (heren bat).

Mutrikuko aldean bizi diren herritar askok Deban egiten dute egunerokoa eta zailtasun asko eragin die honek. Ikastetxera edo erosketak egitera joatea bezalako sinpletasunak asko zaildu ziren, esaterako.

Kexa batzuen ondotik, konponbide bat ematen saiatu zen Gipuzkoako Aldundia. Oinezkoentzako behin-behineko pasabidea egin zuen baina herritarren aburuz –balkoietan ikusi daitezke kexu-pankartak– nahiko traketsa izan da. Aldamioak jarri zituzten eta ez zuten egokitu pasabidea haur-kotxeentzako edo gurpil-aulkientzako.

Gauzak horrela, Deba eta Mutrikuko udalek jakinarazi dute, zubia jausi zenetik ia bi urte bete diren honetan, Aldundiak helarazi diela obrak hasteko hitzarmen proposamena eta ondo bidean, ostegun honetako osoko bilkuran landu eta onartuko dutela.

«Bi herriak lotzen dituen zubiaren konpontze lanak abiatzeko azken tramite administratiboak abiatu dira», zehaztu dute bi udalek ohar bateratu baten bitartez.

«Elkar-bizitzeko garrantzitsua izan da zubi hori Mutriku eta Debako herritarrentzat, izan ere, asko dira zubiaren alde batean bizi, baina egunerokoan ibaiaren beste aldera jotzen dutenak. Udaletan lankidetza hitzarmenak onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egongo da obren lizitazioa», jakinarazi dute.

«Bizitzen ari garen osasun alarma egoera honetan, gure herritarrentzat garrantzitsua den azpiegitura hau azkenean konpontze bidean jarriko dela, albiste ona da», baloratu dute.

Harriz harri berreraikitzeko nahia

150 urteko zubia da eta 2018an Kulturako foru diputatua zen Denis Itxasok adierazi zuen ondare historiko bezala baliotsua dela. Hortaz, harriz harri berreraikitzeko erabakia hartu zuen Aldundiak. Uztailean kolapsatu zen gangari eusteko, metalezko egitura handi bat ezarri zuten, lehenengo eta hirugarren euskarrien gainean pausatzen dena. Uztailetik martxora bitartean zubia ezin gurutzatuta egon ziren herritarrak.

Guztira, kalkulatu zen, lanen aurrekontua 1,2 milioi eurokoa izango zela. Lehen fasea jada bukatuta –aipatu estruktura metalikoa eraikitzea izan zen– bigarren fasea falta da, ostegunean Mutriku eta Debako udalek landu eta onartuko dutena, hain zuzen ere.