Aitor AGIRREZABAL
Iruñea

Nafarroako osasun langileek opor eta baimenak eska ditzakete, datuek hobera egin ostean

Nafarroako osasun langileek oporrak hartu ahal izango dituzte maiatzaren 11tik aurrera. Osasunbideak, barne idatzi batean langileei azaltzen dienez, «osasun krisiaren garapenak ezohiko neurriak ekarri ditu», baina «sorospen eskaria gradualki gutxitzen joan da» eta, «zuhurtziaz» egin behar den arren, «hartutako neurriak baztertzen hasi gaitezke».

Nafarroako ospitaleko langileak, atarian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroako ospitaleko langileak, atarian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Koronabirusak sortutako krisia dela-eta, Nafarroako osasun zerbitzuak, Osasunbideak, martxoaren 13an eten zituen langileen opor, baimen eta lizentziak, ospitaleetan bizi zen egoera eta zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta. Neurria bertan behera geratu da eta maiatzaren 1ean sartuko da indarrean.

Martxoaren 18an onartutako Foru-Dekretuan urgentziazko irtenbideak adostu ziren eta bertan eman zitzaion bermea opor eta baimenen eteteari, lan eta atsedenaren inguruko neurriak barne hartuta. Oporrak hartzeko eskubidea eteteaz gain, aurretik eskatutakoak ere atzera botatzeko aukera eskaintzen zuen dekretuak. Haurdun zeuden emakumeak edo Zuzendaritzak beharrezkoak ikusten zituen kasuak baino ez ziren neurri honetatik at geratzen.

Osasunbideak, barne idatzi batean langileei azaltzen dienez, «osasun krisiaren garapenak ezohiko neurriak ekarri ditu, tartean lan-taldeen errefortzua eta eguneko lanaren modifikazioa». Baina, datuek azken egunetan erakutsi duten bezala, «sorospen eskaria gradualki gutxitzen joan da» eta, «zuhurtziaz» egin behar den arren, «hartutako neurriak baztertzen hasi gaitezke».

Honela, maiatzaren 11tik aurrera oporrak eta baimenak hartu ahal izango dituzte Nafarroako osasun langileek, beti ere, «zerbitzuaren beharren arabera».

Hala ere, baldintza batzuen baitan hartu beharko dira egun hauek. Orokorrean, maiatzaren 11 eta irailaren 30a artean, hau da, udako egutegian, gehienez, 20 egun hartu ahal izango dituzte. Uztaila eta abuztuan, Iruñerriko osasun etxeak goizez bakarrik egonen dira irekita. Eta abendu eta urtarrila artean, gehienez, 10 egun izango dituzte, bi epetan banatuta: bost egun abenduaren 1etik urtarrilaren 10era eta beste bost urtarrilaren 10etik hilaren amaiera bitarte.