NAIZ

Markina-Xemeingo EAJk atzera bota du Sololuzetarren mozioa, Verterren ardura ez aipatzeagatik

Markina-Xemeingo Udaleko EAJk ezezkoa eman dio Alberto Sololuzeren familiak aurkeztutako mozioari. Enpresari dagokion erantzukizuna ez aipatzeagatik harturiko erabakia dela defendatu dute jeltzaleek. Senitartekoek martxoan aurkeztu zuten mozioa eta astearteko osoko bilkuran landu zuten, modu telematikoan.

Markina-Xemeinen ere gogoan izan dituzte gaur Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. (@ZaldibarArgitu)
Markina-Xemeinen ere gogoan izan dituzte gaur Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. (@ZaldibarArgitu)

Alberto Sololuze Txurruka desagertuta jarraitzen duen Verter Recycling zabortegiko langilearen senitartekoek mozio bat aurkeztu zuten Markina-Xemeingo Udalean pasa den martxoaren 9an. «Babesa eskaintzea eskatzen» zuten bertan: «Eskatzen dugu behar dituzten baliabide guztiak haien esku jartzeko eta haien interesei eragiten dien informazio guztia izango dutela bermatzea».

Koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela-eta, azkenean astearte honetako osoko bilkuran landu zuten gaia, modu telematikoan. Bada, EAJren taldeak ezezkoa eman dio mozioari, bertan ez delako aipatzen enpresari dagokion erantzukizuna. Jeltzaleen ustez, xehetasun hori «oso garrantzitsua da».

Defendatu dute mozioa aurkeztu zen momentuan udalerriko alkate Luis Egurrolak senitartekoei esan ziela erantzukizun hori aipatzea falta zela eta, beraz, mozioan txertatzeko. Aldaketarik egon ez dela ikustean, egokia iruditu zaie ezezkoa ematea.

Lehentasuna, langileak aurkitzea

Mozioa irakurrita, ikus daiteke edonolako erruduntasunari aipamenik ez diola egiten familiak, helburua babesa adieraztea eta lehentasunak zehaztea baita.

Aurkezturiko mozioan jasotzen denez, familiak Udalari eskatzen dio Lakua eta Bizkaiko Foru Aldundiari exijitu diezaiela bi langileak aurkitzea lehentasuna izan behar dela, hala nola behar den administrazioari hondakinen kudeaketaren arloan beharrezkoa den kontrola bermatzea.

Era berean, esker ona helarazten diete erreskate lanetan parte hartu duten eta parte hartzen ari diren profesionalei. Hauen segurtasuna bermatu behar dela ere azpimarratzen dute.

EH Bildu, kezkatuta EAJren erabakiarekin

EH Bilduk aldeko botoa eman dio testuari baina EAJk gehiengoa duenez, mozioak ez du jarraipenik izango. Honela, EAJk emandako argudioak ez zaizkio egokiak iruditu koalizio abertzaleari: «Bi pertsonak zabor azpian jarraitzen duten artean, gure herriko EAJren kezka nagusia bere interesekoei aurpegia garbitzea da, itxura denez».

EH Bilduk nabarmendu du gainera mozioan ez dela, inola ere, errudunik aipatzen, mozioaren helburua ez baitzen errudunik seinalatzea.