NAIZ

Traineru Kluben Elkarteak bere bide orria jarraituko du denboraldiari ekite bidean

Datorren astetik aurrera, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako arraunlarien serologia aztertzeko beharrezko probei hasiera emango zaie.

TKE Ligak arraunlariei test serologikoak egitea deliberatu du denboraldiari hasiera emateko ilusioz. (EUSKO LABEL LIGA.COM)
TKE Ligak arraunlariei test serologikoak egitea deliberatu du denboraldiari hasiera emateko ilusioz. (EUSKO LABEL LIGA.COM)

Traineru Klubel Elkarteak –TKE– bilera egin du larunbat hontan eta aurrez martxan jarritako bide orriari ekitea deliberatu du.

Kirol jarduerara itzultzeko protokoloa zehazteko berriro bildu ondoren, TKEko klubek kirolariei proba serologikoak egiteko datak adostu dituzte, horrela, txapelketaren hasierarako prestatzeko. Prozesu hori klubetako medikuen gidaritzapean egingo da, elkarteko zerbitzu medikoen arduradun Juan Jose Badiolak zuzendutako prozesu batean, hain zuzen.

Ondorioz, datorren astetik aurrera, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako arraunlariek proba serologikoak egingo dituzte. Test mota honek, odol lagin txiki baten bidez, kirolariak koronabirusaren aurkako antigorputzak sortu dituen detektatzen du. Hala balitz, horrek kirolaria birusarekin kontaktuan egon den seinale izango litzateke.

Printzipioz, arraun denboraldia ekainaren 28an hastekoa da Eusko Label Ligako arraunlarientzat eta uztailaren 4an, berriz, Euskotren Ligakoentzat. Orotara, 19 estropada aurreikusten dira gizonezkoen kategorian –gehi playoffetako beste bi– eta 12 –playoffetako biez gain– emakumeentzat. Arraun denboraldia balekotzat jotzeko, gutxienez 12 estropada burutu berhako dira Eusko Label Ligan eta 8 Euskotren Ligan, playoffez gain, nahiz eta Zarauzko Arraun Elkarteak igoerarik eta jeitsieratik gabeko denboraldia proposatu berri duen.

Kluben arteko hurrengo hartu-emana maiatzaren 30ean izango da, 12 bazkideak batzarrean bilduko dira denboraldia hasi aurretik azken erabakiak hartzeko.

12 proba KAE Ligan?

Ostiralean bilera egin zen KAE 1, KAE 2 eta ETE Ligen etorkizun hurbila argitzearren. Orain arte 9 proba zeuden proposatuta, Pasaian, Getarian eta Castron ospatzekoak guztiak. Alabaina, Bizkaia estropada lekurik gabe ez uztearren, denboraldia 12 estropadatara luzatzea proposatu zuten KAE Elkarteko klubek. Horrez gain, abuztuaren 1 eta 2an, Pedreñan jokatu beharreko Espainiako txapelketen sasoian, asteburua KAE Ligako estropadarik gabe ez uztea ere proposatu zen.

Zumaiako direktibo eta presidente ohi Luis Mari Goikoetxeak Euskadi Irratian esandakoaren arabera, «denboraldia nolabait aurrera atera behar da gauzak behar den bezala eginda beti, eta 12 estropadarekin nik uste denboraldia nahiko itxuratuta geratuko litzateke. Protokoloak behar den bezala bete eta denboraldia aurrera atera behar dugu».