Oihane IRAZU

Aztarna ekologikoa, jasanezina

Euskal Autonomia Erkidegoak 2,6 planeta beharko lituzke gaur egungo bere baliabide eskaria asetzeko.

Euskal herritar bakoitzak, batez beste, 43.200 metro karratu lur beharko lituzke bere beharrak asetzeko. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)
Euskal herritar bakoitzak, batez beste, 43.200 metro karratu lur beharko lituzke bere beharrak asetzeko. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoaren aztarna ekologikoak jasanezina izaten jarraitzen du. Izan ere, planetako biztanle guztiek euskal biztanleen kontsumo-ereduak izango balituzte, planetan biologikoki ekoiztu den azalera 2,6 handiagoa izan beharko litzateke. Aztarna ekologiko handiena sortzen duten jarduerak energia kontsumoarekin lotutakoak dira.

Planetako biztanle bakoitzak bere kontsumo beharrizanak asetzeko 1,63 hektareako azalera biologiko produktiboa du (big/pertsona); euskal gizarteak, berriz, 4,32 hektareako kontsumoa du pertsonako; hau da, munduko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago.

Kalkulu horien arabera, euskal herritar bakoitzak, batez beste, 43.200 metro karratu lur beharko lituzke bere beharrak asetzeko; ondorioz, EAEko biztanleen kontsumoak erraz gainditzen du planetak bere eskaerari erantzuteko duen ahalmena. Horrela, planetako biztanle guztiek EAEko biztanleen kontsumo-ereduak izango balituzte, planetan biologikoki ekoiztu den azalera 2,6 handiagoa izan beharko litzateke.

Europa mailan, Euskal Autonomia Erkidegoa hemeretzigarren postuan dago, Europar Batasuneko batez bestekoa baino pixka bat beherago; izan ere, batez bestekoa 4,56 hag/pertsonakoa da. Aldiz, espainiar Estatuaren batez bestekoaren gainetik dago, 4,04 hag/pertsonakoa baita. Hala eta guztiz ere, nahiz eta kontsumo-eredu jasangarririk ez izan, Euskal Autonomia Erkidegoak aztarna ekologikoa %7 murriztea lortu du 2001etik. Aztarna ekologiko handiena sortzen duten jarduerak energia kontsumoarekin lotuta daudenak dira, aztarnaren %50 baino gehiago sortzen baitute; laborantzak %17, arrantzak %14 eta basoek %10. Larreek eta azpiegiturek aztarnaren %6 eta %1 sortzen dute, hurrenez hurren.

Aztarna ekologikoak bi alderdi lotzen ditu: munduko biztanleek planetaren ekosisteman dauden baliabideen gainean egiten duten eskaria eta Lurrak baliabide horiek birsortzeko duen ahalmen ekologikoa. Ekologikoki ekoiztuta dauden lurreko edo uretako eremuak (laborantzak, larreak, basoak edo uretako ekosistemak eta, aukeran, airearen bolumena) hartzen ditu kontuan; horiek beharrezkoak diren baliabideak sortzeko eta biztanle-multzo bakoitzak, bere bizimoduaren arabera, sortutako hondakinak asimilatzeko erabiltzen dira. Europak lurraren bioahalmenaren %20 dauka, nahiz eta munduko biztanleen %7 bakarrik izan.

Aztarna ekologikoari dagokionez, kontinente «zorduna» da, daukana baino azalera handiagoa kontsumitzen duelako. Gaur egungo kontsumo-ereduaren ondorioz, azken hamarkada hauetan Europar Batasunaren aztarna ekologikoak izugarri egin du gora. 1961ean biztanleko 1.600 milioi hektarea global zituen, eta 2016an biztanleko 2.300 milioi hektarea global.

Karbono gutxiko ekonomia

Egoera hori hobetzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak dio karbono gutxiko ekonomia izateko prozesua azkartu behar dela eta ekoizpen- eta kontsumo-sistema efizienteagoak ezarri behar direla. Horretarako, ziklo jarraituak eta birsortzaileak egin daitezke, lehengaien eta energiaren kopurua murrizteko eta ekoizpen-prozesuetan hondakin eta emisio gutxiago sortzeko. «Hori industrian eta beste sektore batzuetan aplikatzen bada, emaitza oso onak lortu ahal izango dira karbono-azalerek eta laborantzarako lurrek behar dituzten hektarea globalak murrizteko».

Eusko Jaurlaritzaren helburua karbono gutxiko ekonomiaranzko trantsizioa azkartzea da. 2005etik berotegi gasak %26 gutxitu dira eta energia berriztagarriaren kuota %14 hazi da, baina helburua 2030erako %21era iristea da. Garraioa da 2005etik berotegi-efektuko gas gehien isurtzen duen sektore bakarra EAEn, %8,1eko igoerarekin. Hori dela eta, garraio publikoaren eta motorrik gabeko joan-etorrien aldeko apustua egiten du Eusko Jaurlaritzak aztarna ekologikoa murrizteko.