Dabid Lazkanoiturburu

Polizia frantsesaren «bortizkeriaren» inguruko ikerketek gora egin dute

Txaleko horien matxinadak zerikusia izan zuen, noski, baina 2019an inoiz ez beste hazi dira Polizia Nazional frantsesaren Ikuskaritza Orokorrak (IGPN) egin behar izan dituen ikerketak. Erdia baino gehiago segurtasun indarrek «bortizkeria» erabiltzeagatik dira.

Joan den astean Poliziaren biolentziaren eta arrazakeriaren aurkako protesta Parisen. (Geoffroy VAN DER HASSELT-AFP)
Joan den astean Poliziaren biolentziaren eta arrazakeriaren aurkako protesta Parisen. (Geoffroy VAN DER HASSELT-AFP)

Iaz, Polizia Nazional frantsesaren Ikuskaritza Orokorrak (IGPN), «Poliziaren Poliziak», 1.440 ikerketa egin behar izan zituen, guztiak epaileak aginduta, 2018 urtetik alderatuz %23,7 gehiago.

Txostena orain kaleratu da, Poliziaren indarkeria, Minneapolisen George Floyd-en erahilketaren haritik, mundu osoan –baita Estatu frantsesean ere– jomugan dagoenean.

Txaleko horien matxinadak eta ondorengo Poliziaren errepresioak 399 dossier eragin ditu. Baina salaketak ez dira hor agortzen.

Izan ere, 1.460 ikerketatik, 868 Poliziaren bortizkeria salaketak aztertu dituzte, 2018tik alderatuta %41 gehiago.

Hauetatik guztietatik %38,8ak manifestazioen errepresioa ikertu du, %12,8ak Poliziaren kontrolak eta %14,1ak atxilotutakoen aurkako erasoak.

Inpartzialtasuna zalantzan

IGPN-aren zuzendariak,  Brigitte Jullien-ek, argitu nahi izan du ikerketa hauek ez dutela agenteak errudunak direla esan nahi. Ezin da ahaztu, hala ere, Ikuskaritza honen inpartzialtasuna zalantzan jarri izan dela askotan.

Jullienek jakitera eman duenez, 2018ko azaroan eztanda egin zuen txaleko horien matxinadaren inguruko dossierretatik 130 zauri larri aztertu dituzte eta 274 auzitara eraman dituzte. «Egun, dozena bat polizia daude epaileak noiz deituko zain», zehaztu du.

Esan behar da, halaber, 2018arekin alderatuta, pilota-jaurtigailuak eta zorabiatzeko granadak erabiltzeagatik salaketa gutxiago egon direla. Urte hartan, txaleko horien matxinadaz gain, ikasleen protestak ere izan ziren, Munduko Futbol Koparen inguruko liskarrak ahaztu gabe.

Hala ere, «istiluen kontrako» material hau asko erabili zuen Poliziak iaz ere, 10.785 pilotakada eta 3.244 granada jaurtiketa hain zuzen.

Protestak eta Macron presidentea

Jaitsiera horretan eragina izan zuten jendearen protestek. Iazko ekainean Nantesen Poliziatik ihesi ibaira erori eta ito egin zen Steve Caniço-ren inguruko aferak eta aurtengo urtarrilean Cedric Chouviatenak ere –Poliziaren kontrol batean lepoa hautsita ito egin zen– protestak eragin zituzten.

Emmanuel Macron presidenteak dei egin zion orduan Barne ministroari segurtasun indarren «deontologia eta kontrola hobetzearen alde».

Hala ere, Floyd beltzaren erahilketa dela eta, aurreko asteko manifestazioek presioa areagotu dute. Poliziaren indarkeria ez delako AEBen kontua soilik eta, Macronen «aholkuetatik» at, bere horretan jarraitzen duelako.

Ekainaren 2an dozena milaka manifestari bildu ziren Parisen eta 2016ko uztailean Poliziaren eskuetan hil zen Adama Traore beltzaren kasua izan zuten gogoan, Floyd hil zuten moduan zendu zelako. Hori bai, komisaldegi batean eta inolako lekukorik gabe. Oraingoz polizia bat bera ere ez dute epaitu hilketagatik.

Hori bai, Macron atzo bildu zen Edouard Philippe lehen ministroarekin eta, ‘Le Monde’k gaur bertan jakitera eman duenez, Christophe Castaner lehen ministroari errieta egin zion urtarrilean eman zuen aginduari kasu egin ez diolako.