naiz

'Arazoa ez da birusa, arazoa sistema da' lemapean protesta egin du Ernaik Bilbon

Ernai gazte antolakundeko kideek protesta egin dute ostegunean Bilbon, «kapitala bizitzen gainetik» jarri dela salatzeko, covid-19ak eragindako osasun-krisian. Zebrabide baten inguruan etzan dira hainbat gazte, pintura gorria eta mezu desberdinekin soinean, eta zirkulazioa eten dute.

Ernaik Bilbon egindako ekintza. (ERNAI)
Ernaik Bilbon egindako ekintza. (ERNAI)

Ekintzaren ondotik prentsara igorritako ohar batean, Ernaik salatu du konfinamenduan «milaka langile» lanera bidali dituztela; elikagai bankuetako ilarak «gero eta luzeagoak ziren bitartean gero eta handiagoak» zirela AHT eta Supersur bezalako proiektuei bideratutako diru-partidak; eta enpresa handien sozietateen gaineko zerga murriztu dutela, «krisia herritarroi ordainaraziz».

Egoera honetan, gazteak «sektore kolpatuena» direla nabarmendu dute: «Egunerokoan gure azalean sufritzen dugun egiturazko prekarietateak babesik gabe utzi gaitu lehertu den krisiaren aurrean: gu ginen covid-aren aurretik beltzean lan egiten genuenak, eta gu gara covid-aren ondoren lan eskubiderik gabe gaudenak; gu gara 2.batxilergoa ikasten egon eta hile luzez gure etorkizunarekin zer gertatuko zen jakin ez dugunak; gu ginen gure soldataren gehiengoa alokairua ordaintzera bideratzen genuenak; eta gu gara gurasoen etxera bueltatu behar izan garenak».

Horregatik, bizitza erdigunean jarriko duen eredu politiko, sozial eta ekonomikoa aldarrikatu dute gazteek, baita sozialismoaren eta feminismoaren premia dagoela azpimarratu ere. Esan dute ez daudela prest 2008koa bezalako krisi bat ordaintzeko, eta euskal gazteriari antolatzeko, kaleak hartzeko eta borrokatzeko dei egin diote.