Jon Ormazabal

Udan zehar atzelari gisa aritzea zerbait puntuala izatea nahiko luke Iker Irribarriak

Buruz buruko txapeldunak bi postuetan jokatzea zer den ondo dakien Mikel Urrutikoetxearekin osatuko du bikotea udan, baina bere burua aurrelaritzat du eta etorkizunean hala izan dadin borrokatuko du.

Iker Irribarria, Mastersean atzeko koadroetan arerio izango dituen Martija eta rezustarekin (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Iker Irribarria, Mastersean atzeko koadroetan arerio izango dituen Martija eta rezustarekin (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Sartu edo kanpoan geratu direnen izenez harago, Iker Irribarria da uda beteko duen CaixaBank Mastersaren berrikuntza nagusia, aramarrak aztelari postuan jokatuko baitu, Mikel Urrutikoetxearen bizkartzain lanak eginez. Askok atzean aritzeko dohainak ikusten dizkioten arren, Aramakoak bere burua aurrelaritzat dauka. «Noski, niri hau zerbait puntuala izatea gustatuko litzaidake, niri aurrelarien borrokan sartzea gustatuko litzaidake eta Binakakoan berriz ere titular izatea, baina egoeretara moldatzen jakin behar da». 

Ez dauka oso argi, aurrean jarri dioten erronka ilusionagarria edo konpromisoa den gehiago, baina ahalik eta hobekien egiten saiatuko da. «Binakakotik kanpo utzi eta gero, nire maila erakusteko gogoa nuen, baina horrela izan beharko du eta datorrenari heldu beharko zaio. Badakigu garai zailak datozkigula eta ilusioz hartu beharko da datorrena».

Lan zailak

Irribarriak jokatuak ditu hiru partida atzelari gisa udako desafioetan eta badaki zer datorkion. «Atzean partida bat jokatzea erraza ez bada, pentsa zer den 14 izatea aurretik. Gainera, orain arte jokatu ditudanetan, Abelen aurka izan ezik, beti aurrelarien aurka aritu izan naiz atzean eta beti da errazagoa. Orain aurrean atzelari handiak izango ditut, Zabaleta, Rezusta, Albisu... eta hauen aurrean zaila izango da oso baina ahal duguna egingo dugu», azaldu zuen aramarrak.

«Gehien kostatzen dena errestoa da, pilotari distantzia hartzea. Airez eta boleaz erosoago sentitzen naiz eta pilotak pareta jotzen badu gustura, baina atzelari batek jota erdira edo zabalera etortzen diren pilota horiek zailak dira oso. Distantziak desberdinak dira, kantxa bete behar da, atzetik jokoa hobeto ikusten da baina askotan kanpotik antzematen ez den lan handia egin behar da», gaineratu du.

Mikel Urrutikoetxeak ondo daki zer den aurrelari izanda atzean jokatu beharra eta horregatik aramarrak argi dauka bere errendimenduan zeresan handia izango duela Zaratamoak emango dion laguntza. Alde horretatik, argi dauka oso lagun konpletoa jarri diotela eta, ondo moldatzen badira, txapelketa polita egin dezaketela.

Erdi brometan, erdi serio, gauzak ongijoango ez balira, postuak aldatzearen aukeraz ere mintzo da. «Ez dakit planteatzerik izango genukeen ala ez, baina partidaren batean gauzak gaizki badoaz, agian proba genezake». Hala egin zuten Unai Lasok eta Aimar Olaizolak Donostian iaz jokatutako desafioan. «Hala egin zuten bai, eta inon ez du jartzen egin ezin daitekeenik, baina atzean jarri banaute, zerbaitegatik izango da».