NAIZ

Dopinaren aurkako Euskal Agentziak egingo ditu kontrolak TKEko EAEko estropadetan

Dopinaren aurkako Euskal Agentziak egingo ditu uda honetatik aurrera dopinaren aurkako kontrolak EAEn jokatzen diren TKE Traineruen Kluben Elkarteko estropada guztietan, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Borja Rodrigo TKEko presidenteak sinatutako akordioaren arabera.

Bingen Zupiria eta Borja Rodrigo. (EUSKO LABEL LIGA)
Bingen Zupiria eta Borja Rodrigo. (EUSKO LABEL LIGA)

2020ko denboraldi osoan, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak egingo ditu dopinaren aurkako probak TKEk antolatzen dituen bi lehiaketetan, hau da, Eusko Label Ligan eta Euskotren Ligan.

Akordioari esker, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dopinaren aurkako borrokan eskumena duen erakundeak, «beste urrats bat eman du Europan erreferentziazko erakunde gisa finkatzeko dopinaren aurkako borrokan».

Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, akordioa sinatzea «aurrerapauso garrantzitsua da Euskadin dopinaren aurka borrokan jarraitzeko eta Dopinaren aurkako Euskal Agentzia egiten ari den lan handia sendotzeko».

«Dopinaren aurkako Euskal Agentzia erreferentziazko agentzia izango da arraunaren munduan, arraunaren hiru ekitaldi handietan kontrolak egingo dituen bakarra izango baita: Kontxako Bandera, Kantauriko Traineruen Elkarteko eta, hemendik aurrera, TKEko txapelketak», azaldu du.

Zehazki, Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren mendeko Dopinaren aurkako Euskal Agentziak eta TKEk sinatutako akordioaren arabera, TKEk dopinaren aurkako jarduketak egiteko eskatu dio Dopinaren aurkako Euskal Agentziari, «bereziki, dopin kontrolak» bere lehiaketetan (Eusko Label Liga eta Euskotren Liga). Kontrolak lehiaketa barruan zein kanpoan egin ahal izango dira, baina betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan.

15 urte

Dopinaren aurkako Euskal Agentzia EAEn dopinaren aurkako borroka bultzatzeko sortu zuen Lakuako Kirol Zuzendaritzak, 2005ean kontrolak egiten hasita. Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako Legea aldatzea onartu zuen 2018an, eta bertan berariaz jasotzen da Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren eskumena dela EAEn dopinaren aurkako borroka egitea.

Urtero 300 dopin kontrol inguru egiten ditu antolatutako kirol probetan, «Europako estatu askotako dopinaren aurkako agentzia askok egindakoak baino gehiago». Hain zuzen, iaz 313 kontrol egin zituen, lagin bilketako 76 misioren bidez, «maximo historikoa» erakundearentzat.

Kontrolak 21 kirol modalitatetan egin ziren, arraunketa (79 kontrol), errepideko txirrindularitza (52) eta errepideko atletismoa (32) nabarmenduz. Guztira, zortzi zehapen espediente hasi ziren positibo emandako kasuengatik; kontrako beste bi emaitza izan ziren, baina bi kasu horietan kirolariek debekatutako substantziak erabiltzeko baimena zuten (bi kasuetan terbutalina zen, ohikoa asmatikoetan).

Joan den urtean, aurrekoan baino 18 kontrol gehiago egin zituen Dopinaren aurkako Euskal Agentziak (2018an 293), 2017an baino 19 gehiago (292) eta 2016an baino 134 gehiago (177). Iaz egindako 311 kontroletatik zazpi animaliei egin zitzaizkien.