Ane URKIRI

Alavesek Betis garaitu eta beste urte batez jarraituko du Lehen Mailan (1-2)

Alavesek 1-2 garaitu du Betis ostegun gau honetan jokatutako neurketan eta beraz, beste urte batez Lehen Mailan jokatzeko baimena irabazi du talde gasteiztarrak. Joselu eta Elyk egin dituzte babazorroen golak eta, azken unean, Lorenek aldea murriztu du, kanpokoen garaipena arriskuan jarri gabe. [Neurketaren xehetasunak]

Burkeren erremate bat, lehenengo zatian. (LA OTRA FOTO)
Burkeren erremate bat, lehenengo zatian. (LA OTRA FOTO)

Tentsio gutxi sumatu da lehen zatian baina bigarren zatiko jarrera aldaketarekin, sei hilabete beranduago, etxetik kanpo irabazteko gai izan da Alaves. Burkek izan du aukera on bat neurketa hasi eta berehala −sartuz gero VARean ikusi beharko litzateke ea Laguardia jokoz kanpo ote zegoen egiaztatzeko−, Edgarrek ere izan du gol aukera bat atsedenaldiaren aurretik, baina, oro har, ahultasunez aritu da defentsan. 

Erraz egin dute atzera Canales edo Fekirrek baloia hartzen zuten orduro eta, zenbait momentutan, erraztasunez jaso dute baloia Betisen gidaritza eramaten duten bi kalitatezko jokalari hauek. Emersonen lasterketak ere beldurgarriak izan dira, defentsa aurreratu beharrean atzerantz joaten baitzen, area ingurura hurbiltzeko erraztasunak utziz. Egiari zor, aipaturiko hiru jokalariak soilik nabarmendu dira etxeko taldeari dagokionez; gainontzekoak, nahiko kamuts alor guztietan.

Dena den, horien kalitatea kontuan hartuz eta Iglesiasi errematatzen utziz gero, ikaratzeko dinamikan sartzeko zorian aurkitu da Lopez Muñizen gidatutako taldea, are gehiago gainontzekoen emaitzei begiratu bat emanez gero. Emozio horrekin bizi izan du ostegun honetako jardunaldia edozein futbolzalek. Neurketa guztiak ordu berean jokatzeak hori dakar: ustekabeko emozioak sortzea nahiz eta ikusten zauden neurketa aspertzeko bidean egon, eta aspertzeko bidean egotea ez da hain harritzekoa Alavesi buruz mintzo garenean.

Bat-batean jaitsiera postuak puri-purian geratu dira eta tartean zebilen Alaves, emoziotik beldurgarrietatik ezin ihesika. Mallorcak eman du lehenengo urratsa, Granadari 1-0ekoa sartuz (azkenean 1-2 galdu eta Bigarren Mailari jaitsi dira). Levante ere fin zebilen Celtari 0-2 irabazten (eta azkenean irabazi du, galiziarrak arazo eder batean murgilaraziz, Leganesek 0-2 irabazi baitio Athleticeri). 

Lopez Muñizek zerbait aldatzeko beharra segituan sentitu du eta asmatzen dutenean, onarpen hori zor zaio entrenatzaile bati. Adi dabilen entrenatzaile batek horrelako erabakiak hartzen badaki eta segituan ikusi du jarrera aldatu beharra zegoela, batez ere Borja Iglesiasek, lehen zatiaren hondarrean, eduki duen gol aukera argia ikusi eta gero.

Manu Garciak Fejsa ordezkatu du eta indartsuago aritu da Alaves. Lerroak gehiago batu dituzte, Canales eta Fekir itzalpean uztea lortu dute eta, gainera, fin aritu dira atea aurrean. Joseluk huts egin du lehen aukera baina ez du barkatu bigarrenean, Burkek emandako pase on bati probetxu ederra ateraz.

VARak egiaztatu behar izan du aurrelaria ez zegoela jokoz kanpo eta atzerapen puntu batekin izan bada ere, gogotik ospatu dute gola babazorroek. Ikustekoa izan da Lucas Perezen emozio aurpegia, nahiz eta gaurkoan ordezkoen aulkian egon.

Presio guztia askatu du orduan Alavesek eta nahiz eta apur bat sufritzea ere egokitu zaion, kontraerasoak sortzeko parada izan du eta horrek eman dio bizia azkenaldian hain uzkurtua zegoen talde bati. Hala, eraso azkar baten ondotik ateratako korner batean iritsi da Elyk egin duen 0-2koa.

Egina zegoen, gol erabakiorra sartu du atzelariak eta lasaitasun gehiagorekin jokatu dute geratzen ziren 20 minutuak, luzapenerarte. Lorenek 1-2koa egin du 92. minutuan baina andaluziarrak ez dira iritsi Alavesen garaipena arriskuan jartzera ere. Ahulduta aritu dira Trujilloren futbolariak, apatiaz, eta egoera psikologiko horrek ederki laburtu dezake Betisen denboraldia.

Joseluren aitortza Garitanori

Kostatu zaio Alavesi baina egin ditu bere etxeko lanak. Tartean, Asier Garitanoren kaleratzea iritsi behar izan da atsedenaldia geroztik bigarren garaipena iritsi ahal izateko. Nolanahi ere, neurketa osteko adierazpenetan, Joseluk entrenatzaile bergararrak eginiko lanari aitortza eskaini dio, aurretik egindako lan ona baloratu asmoz.

Hurrengo igandean Bartzelonaren aurka jokatuko du. Neurketa horrek ez du misteriorik edukiko −katalanek Osasunaren aurka galdu eta bigarren bukatu dute txapelketa−, zaleek ere ezingo dute denboraldia agurtu Mendizorrotzaren azken neurketan baina hurrengo sasoira, klubaren mendeurreneko denboraldira, jauzi ona emateko baliogarri izan daiteke.