Imanol Carrillo

Eusko Label eta Euskotren Ligek Getxo eta Orioraino egingo dute arraun asteburu honetan

Eusko Label eta Euskotren Ligetako bosgarren eta seigarren jardunaldiak asteburu honetan jokatuko dira, Getxo eta Orioko uretan. Santurtzi, mutiletan, eta Orio, nesketan, lidergoa eusten saiatuko dira euren Ligetan.

Hondarribia, Orio eta Donostiarra, Gipuzkoako Txapelketan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Hondarribia, Orio eta Donostiarra, Gipuzkoako Txapelketan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Bizkaiko eta Gipuzkoako Traineru Txapelketak izan dira astean zehar. Santurtzi (mutilak) eta Ondarroa (neskak) alde batetik, eta Hondarribia (mutilak) eta Orio (neskak) bestetik, izan dira txapeldunak.

Indar berezia eman diezaioke Gipuzkoako banderak Hondarribia mutilen traineruari. Hasiera erabat gorabeheratsua izan ondoren, "Ama Guadalupekoak" bi garaipen segidan lortu ditu: Eusko Label Ligan iragan igandean Zierbenan eta aipaturiko Gipuzkoako Txapelketa astean zehar Orioko uretan.

Ioseba Amunarriz patroiak gidaturiko trainerua bosgarren da sailkapen nagusian lau estropada jokatu diren momentu honetan. Liderra, aldiz, sendotasun gehien erakutsi duen Santurtzi da. "Sotera" Bizkaiko bandera irabazita iritsiko da asteburura, beraz lehia polita ikusi ahal izango da Getxoko uretan lehendabizi (Getxoko Estropaden XLII. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia).

Eusko label Ligako estropada 18.00etan hasiko da. Pixka bat lehenago, aldiz, 17.40etan, Euskotren Ligarekin (Getxoko XII. Ikurriña) emango zaio hasiera egunari. Bertan, Orio –Gipuzkoako Txapelketako irabazlea– da lider nagusia 15 punturekin eta Donostiarrak bigarren postuan jarraitzen du 11 punturekin. Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribiak ixten dute sailkapena 7 punturekin.

Igandean, Orion

Oriok antolatzen duen estropadan (Orioko XXX. Estropadak - VIII. Orio kanpina Bandera), etxeko bi traineruek, mutilek eta neskek, ez dute motibazio falta nabarituko ziur aski.

Nadeth Agirre patroiak gidatzen duen traineruak lidertzan jarraitu nahiko du bai ala bai 11.40etan hasiko den estropadan. Bestalde, 12.00etan hasiko den estropadan, Gorka Aranberriren mutilek pauso bat eman nahiko dute aurrera eta momentu honetan okupatzen duten hirugarren postutik gora igo nahiko dute.