Imanol Carrillo

Orioko bi traineruek irabazi dute Getxon, etxean lehiatu aurretik

Orioko bi traineruek, Eusko Label Ligan mutilek eta Euskotren Ligan neskek, eraman dituzte garaipenak Getxon jokatutako estropadan. Igandean Oriok hartuko du testigua.

Gorka Aranberri Orioko patroia, Getxoko banderarekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Gorka Aranberri Orioko patroia, Getxoko banderarekin. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Orioko Arraunketa Elkarteak egun gozoak bizi ditu. Mutilek –sailkapen nagusiko bigarren postuan jarri dira Eusko Label Ligan– eta neskek –lider sendoak dira Euskotren Ligan–irabazi dituzte gaur arratsaldean Getxon jokatutako estropadak. Eta bihar, igandea, etxean lehiatuko dira. Asteburu borobila izan liteke «San Nicolas» ontzientzat.

Ohikoa izaten den bezalaxe, ohorezko txandara itxoin behar izan dute denek “Getxoko Estropaden XLII. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia” estropadako irabazlea nor zen ezagutzeko.

Santurtzi liderrak sendo hasi du lehia, lehenengo ziabogan denbora onena markatuz. Baina bigarren luzean Oriok hankaz gora jarri du estropada. Bigarren ziabogan 2 segundo atera dizkio Urdaibairi, eta hirugarrenean baita ere.

Orduan iritsi da Santurtziren berpiztea. Bermeoko ontzia gainditu du «Soterak» eta Orioren bila joan da zuzen-zuzenean. Metroak falta izan zaizkie bizkaitarrei, Orio lehendabizi gainditu baitu helmuga, sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratuz.

Atzetik, Urdaibai hirugarren izan da, 6 segundora, eta Donostiarra 17ra iritsi da, estropadako bosgarren tokira joanaz.

2. txanda: Zierbenarentzat altxorrik handienetarikoa

Bigarren txandan, Zierbena izan da indartsuena, astean zehar Gipuzkoako txapeldun izan den Hondarribiari aise gailenduta. Bi traineru hauek ohorezko txandan lehiatzeko lanak egin behar dituzte, eta bien arteko lehian aurretik sartzen zenak izango zuen aukera gehiago indartsuenen artean arrauna egiteko.

Getxoko uretan Zierbena izan da, hasiera-hasieratik gainera. Egia da lehen ziabogan denbora bera markatu dutela bizkaitarrek eta gipuzkoarrek, baina bigarren luzean 3-4 segundoko aldea ateratzea lortu dute. Hori bai, «Ama Guadalupekoak» olatu ona hartu eta berriro gerturatu da. Atzean, berriz, Cabo eta Lekittarra urruti, oso urruti, geratzen hasiak ziren.

Hirugarren ziabogan 6 segundoko aldea zuen Zierbenak Hondarribiarekiko, eta laugarren luzean eman du behin betiko kolpea Aitor Lazkanok gidatzen duen traineruak. 11 segundoko aldea izan da handiena, baina helmugan 9 segundo atera dizkie gipuzkoarrei. Ontzi bizkaitarra asko aberastu da, laugarren amaitu baitu eta bihar Orion ohorezko txandan arituko da. Cabok 28 segundu galdu ditu eta Lekittarrak, 36.

1. txanda: Zarautz garaile; Ares-Ondarroa, pala ukitzea

Lehenengo txandan, Zarautz gailendu da beste hiru aurkarien aurrean eta ondoren ikusiko zenez, sekulako altxorra eskuratu du, Getxoko estropadan zazpigarren postuan amaituta. Ares galiziarra hasi da dominatzen, baina lehenengo ziaboga ostean, «Enbatak» hartu du testigantza eta amaiera arte eutsi ahal izan dio.

Zarauztarrek bigarren luzean hasi eta hirugarrenean hautsi dute guztiz estropada. Gauzak hala, atzean egon da emozioa. Azken luzean, lau traineruak estriborrera joan dira oso era argi batean. Kaikuk bigarren postua ziurtatu nahi zuen, Zarautzen itzala jarraituz, eta erraz lortu du.

Ares eta Ondarroak gauza bera egin dute euren artean hirugarren eta laugarren postuetarako. Pega-pega eginda joan dira azken metroetan, palak ukituz, eta horrek eragin du galiziarren norabide aldaketa. Hirugarren sartu da Ares, baina hiru segundoko zigorra jaso du ondoren eta azken postura jaitsi da Ondarroaren mesederako.

Orio, Euskotren Ligan ere garaile

Neskak izan dira lehenak arraun egiten. Hasiera zertxobait atzeratu behar izan da, lehen irteera ez baita baliozkoa izan. Horrek ondorio bat izan du, izan ere Donostiarrak 3 segundoko zigorra jaso baitu, dirudienez estatxa lehenago askatu baitu irteera semaforo berdea jartzerakoan.

Bigarrengo irteeran, Orio –lehenengo kaletik– eta Donostiarra –bigarrenetik–, hasiera-hasieratik ipini dira lidergoan. 3. minuturako, 6-7 segundoko aldea zuten Arraun Lagunak eta Hondarribiarekiko.

Oriotarrak 5 segundoko aldearekin iritsi dira ziabogara, baina maniobran Donostiarrak bi segundo kendu dizkio aurkariari eta itzuleko luzean gogor ekin diote, are gehiago 3 segundoko zigorra izango zutela jakinda.

Oriok asko sufritu behar izan du bigarren luze horretan, olatuak alde batetik etortzen baitziren. Donostiarraz gain –2 segundora egon da–, Arraun Lagunak ere hortzak estutu ditu eta ia ia bigarren postua ‘lapurtu’ dio hiri bereko beste traineruari. Azkenean, Orio irabazle; Donostiarra bigarren 3   segundora –azkenean 6.34 segundora, zigorrarengatik–; Arraun Lagunak hirugarren, 7.98ra; eta Hondarribia laugarren, 22.18ra.

Estropada amaitu ondoren, Itziar Olasagasti Orioko arraunlariak onartu duenez, «Kosta zaigu. Gogorra izan da». Bihar igandea etxean arraun egingo dute.