Arnaitz Gorriti

Orio eta Donostiarraren artean erabakiko da Emakumeen Bandera

Poparean aurrea hartu eta gero, oriotarrek egin dute denborarik onena, baina 2,22 segundoko aldearekin bakarrik. Aurreneko txanda Arraun Lagunakentzat izan da, eta Tolosaldearekin batera datorren domekako ohorezko txandan ariko dira, baina aurreneko biengandik oso urruti.

Orio nagusi bai, baina asko sufrituta. (Jon URBE / FOKU)
Orio nagusi bai, baina asko sufrituta. (Jon URBE / FOKU)

Emakumeen arraunean Orio eta Donostiarraren arteko lehia izan da nagusi aurten. Mirotzek irabazi dute gehienetan eta XIII Emakumeen Kontxako Banderaren aurreneko igandean halaxe izan ere, baina harrokeriarik gabe. Oriok latz sufritu du bere branka sartzeko eta poparean egindako lan apartari esker atera du burua, nahiz eta Donostiarrarekiko 2,22 segundoko aldea baino ez duen. Datorren asteko ohorezko txandan Arraun Lagunak eta Tolosaldea izango dira, baina bandera irabazteko aukerarik ez dute hauek, aurreneko txandako baldintzak petralagoak izan baitira.

Itsasoa nahasi xamar goizean goiz, trapalla, zalerik eta kolorerik ez kaian, eskatutako moduan, eta haize apur bat mendebaldetik, traineruei palkak jarri araztea eragin duena. Hain goiz arraun egiten ohitu gabe, ordutegi kontuak eta kale zozketaren buruko minak, aurreneko kaleari alergia erabatekoa leporatuz eta, aldiz, laugarren kalearen desiran mundu guztia.

Donostiarraren maila

Donostiarra, Oriori irabazteko kapaz izan den bakarra, gogor hasi da bigarren txandan. Oriori hiru segundo ere atera dizkio aurreneko minutu eta erdian, Natalia Tubioren patroitzari segika. Haizeak gorantz ere egin du eta lehenengo txandako denborak hobetuz. Zumaia ere txukun hasi da, bain alehenengo kalean arrun eginda, berehala tokatu zaio atzean geratzea, Hibaikarekin batera.

Etxeko traineruak ez zuen parterik hartu behar izan sailkapen estropadan, baina igande goizean hortzak erakutsi diozkio Oriori aurreneko luzean zehar, baita ziabogara parean iritsi eta gero ere. Poparean Nadeth Agirrek hartu du aurreneko olatua, «Txiki» aurrenekoz lehenengo postuan jarriz. Alabaina, Donostiarrak ere olatuak harrapatu ditu, baina Oriok sekulako poparea egin du, non eta bi traineruko aldea atera baitio Donostiarrari hiru minutu eskasean.

Natalia Tubioren patroitzak ere ez dio laga eta azken minutu eta erdian gainera itzuli zaio Oriori, baina helmugara ere bertan zen eta 2,22 segundoko aldeaz bada ere, mirotzak nagusitu dira, bandera datorren domekan erabakiko den arren.

Arraun Lagunaken poparea

Urduritasuna Emakumeen XIII. Kontxako banderaren aurreneko txandan, traineruak kokatzen eta hasiera ematen nahikoa lan, nahiz eta azkenean behar bezala ateratzea lortu duten. Ikusi egin behar Tolosaldeak sailkapen txandan erakutsitako maila errepikatuko ote duen, baina hasteko Arraun Lagunak izan da branka sartu duena. San Juango «Batelerak», aurreneko kale hortatik, atzean geratzen lehenengo palakadatik.

Tolosaldeak lortu du aurrea hartzea bere txandaren bigarren minutura iristean; ez aurrea hartu bakarrik, Hondarribia eta Arraun Lagunaki aldea atera baizik. Eskifaia oso gaztea izanagatik, urte osoan zehar Euskotren Ligan arraunean egin balute bezalako patxadarekin ekin diote. Bien bitartean, Hondarribia eta Arraun Lagunak, urte osoan izan duten kirol sestrari jarraituz, bigarren postua nork bermatuko.

Ziaboga petrala eta neurri handi baten giltzarria suertatu da. Tolosaldeak konpondu du buelta nola hartu, bere aurkariak pasatxo hartu duten bitartean. Poparea, berriz, olatua eta lantzada giroa; Arraun Lagunak hantxe nabarmendu da, «Ama Guadalupekoarekiko» aldea hartuz. Alabaina, Tolosaldea ederki moldatu da poparean ere. Moldatu beharko, Arraun Lagunak asko hurbildu zaio-eta. Donostiarrek azken orduan branka ere sartu diote, Hondarribia ere asko errekuperatu delarik. Azkenean Arraun Lagunak  nagusi eta Tolosaldeak bere maila berretsi du ere, ohorezko txandan muturra sartuz.

XIII. Emakumeen Kontxako Bandera:

1-Orio 11:10.26

2-Donostiarra 11:12.48

3-Arraun Lagunak 11:23.86

4-Tolosaldea 11:27.80

5-Hondarribia 11:28.60

6-Hibaika 11:31.52

7-Zumaia 11:39.82

8-San Juan 11:51.14