NAIZ

Pernan Goñik ‘Emakume apartak’ esku-hartze artistikoa eraman du Alondegiko aurrealdera

Pernan Goñiren ‘Emakume apartak’ proiektuko hiru irudik hartuko dute Bilboko Alondegiko fatxada abenduaren 15era bitartean. Modu esperimentalean sortutako emakumeen erretratuak dira, autorearen jakin-minetik sortuak.

Pernan Goñiren ilustrazioak abenduaren 15era bitartean egongo dira Alondegian. (Marisol RAMIREZ | FOKU))
Pernan Goñiren ilustrazioak abenduaren 15era bitartean egongo dira Alondegian. (Marisol RAMIREZ | FOKU))

Alondegiko Fatxada Proiektuaren barnean, Pernan Goñi marrazkilariak bere ‘Emakume aparta’ sorkuntzako irudiak eraman ditu Bilboko Alondegiko Arrikibarko aurrealdera. Ilustrazioak abenduaren 15era bitartean egongo dira ikusgai.

Alondegitik azaldu dutenez, «pertsona-erretratuak dira, batez ere emakumeenak, jakin-mina eragiten baitiote autoreari». Ikerketa prozesu baten ondoren, artxibo fotografikoetatik abiatuta sortu zituen erretratuok Goñik, modu esperimentalean, eta marrazkilariaren interesekoak diren puntuak jorratzen dituzte, besteren artean feminismoa, literatura, artea edota gaurkotasuneko gaiak. Hala, irudiotan Virginia Woolf, Hedy Lamarr edota Greta Thunberg gisako pertsonaia ezagunak identifikatu ahalko dituzte ikusleek.

Goñik berak azaldu duenez, «ikerketa pertsonal honen xede diren pertsona guztiek berritu, zirikatu edo aurre egin diote ezarritako sistemari, oso modu xume eta erabilgarrian, edo modu erradikalean. Asmoa da irizpideak nahastea, nabarmendu ez diren ahots eta jarrera gehiago sartzeko».

Esku-hartze artistiko honi lotuta, Goñik ‘Marraztu nahi duzuna’ tailerra eskainiko du urriaren 13an eta 14an, helduei zuzenduta, ‘Fatxada Proiektua. Diseinua, ilustrazioa eta komikia’ proiektuaren esparruan.