NAIZ

Topoaren lanengatik kaltetatuko donostiar batek epaitegian deklaratuko du ostiralean

Donostiako Metroaren pasantearen obrengatik kalteak pairatu dituen Amarako bizilagun batek epaitegian deklaratuko du ostiralean Euskal Trenbide Sarearen (ETS) kontra jarritako salaketagatik, Satorralaia plataformak jakitera eman duenez.

Bertan behera utzi behar izan dituzte Toparen pasantearen obrak. (Jon URBE/FOKU)
Bertan behera utzi behar izan dituzte Toparen pasantearen obrak. (Jon URBE/FOKU)

Datorren ostiralean, hilak 23, Donostiako epaitegira deitu dute ETSren aurka salaketa judiziala aurkeztu zuen Amarako bizilagun bat, Metroaren obrak bere etxean gau eta egunez eragindako zarata jasangaitzen ondorioz irekitako auzian bere testigantza eman dezan.

«Bizilagun kaltetuaren testigantzak gertaeren kontakizun zehatza dakar eta ETSk nahiz udal arduradunek izandako jokaera kalifikaezina gaitzesten du», Satorralaia plataformak azaldu duenez. «Horrekin batera, mediku-txosten batek bere osasunari eragindako kalteak egiaztatzen ditu», gaineratu du.

Satorralaiak kontzentrazioa egingo du epaitegiaren aurrean, goizeko 9.30ean, bizilagun kaltetuarekiko sostengua adierazteko eta Metroaren obrak behingoz osotara geldi daitezen eskatzeko.  

Honekin batera, «Donostiako Metroaren obretan azkenaldian azaleratu diren arazo larrien eta lurpeko lanen %80tik gorako gainkostu errealen harira etorrita, proiektu honen zentzugabekeria egiaztatu baino ez dela egin salatu du Satorralaiak.

«Lardaskeria itzel honen aurrean, azaroak 14 larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egiten dugu, eguerdiko 12.00etan Koldo Mitxelenatik abiatuta, hain zuzen ere ardurak argitu daitezela eskatzeko eta jendartean deskreditu osoa bereganatzen ari den makro-proiektu behargabeko hori behin betiko geldiaraz dezatela aldarrikatzeko», gaineratu du plataformak.