NAIZ
DONOSTIA

Rafael Berrioren lagunek eta zenbait musikarik omenaldia egingo diote Tabakaleran

Iragan martxoan zendua, Rafael Berrio musikari eta poetari omenaldi berezia egingo zaio larunbatean Tabakaleran. Bertan parte hartuko dute bere lagunek baita zenbait artistek bere abestien bertsioak eskainiz eta ‘Absolución. Canciones de Rafael Berrio’ liburua aurkeztuko da, bere letra gehienak biltzen dituen argitalpen berria. Sarrerak agortu egin dira.

Rafa Berrio musikari eta poeta donostiarra iragan martxoan zendu zen. (NAIZ)
Rafa Berrio musikari eta poeta donostiarra iragan martxoan zendu zen. (NAIZ)

Tabakaleran omenaldi berezia eskainiko zaio joan zen martxoaren 31an zendu zen Rafael Berrio musikari, abeslari eta poeta donostiarrari. Ekitaldia larunbata honetan, hilaren 31ean izango, 19.00etan, eta, era berean, ‘Absolución. Canciones de Rafael Berrio’ liburuaren aurkezpena ere izango da. Musikariak idatzitako abestien letra gehienak biltzen dira argitalpen horretan.

Hain justu, bihar bertan aterako dira argitara hil aurretik musikariak idatzita utzi zituen hiru abestiak. ‘Insulsa’ kantuaren bideoklipa hilaren 24an aurkeztu zen plataforma digitaetan, bere urtebetetzearekin bat eginez.

Rafael Berrio (Donostia, 1963-2020) Estatuko musikaren eta Donostiako eszenako Nueva Ola mugimenduaren funtsezko kidea izan zen. ‘Deriva’ eta ‘Amor a traición’ taldeak sortu eta zenbait disko grabatu zituen eurekin. Ondoren, eta jada bere izenarekin sinatuz, ‘1971’, ‘Diarios’, ‘Paradoja’ eta ‘Niño futuro’ ezinbesteko diskoak argitaratu zituen, abesti gogoangarriekin.

‘Absolución’ liburuarentzat Berriok berak hil aurretik aukeratutako izenburua da eta La Veleta, poesia eta narratiba zigilu ospetsuak argitaratu du. Tabakalerak ohar bidez azaldu duenez, Gipuzkoako Aldundiko Kultura sailaren babesa duen argitalpena da eta musikariak berrogei urte baino gehiagoko ibilbidean konposatutako 86 abestiren letrak biltzen ditu. Kultura sailak berak egingo du liburuaren banaketa, datorren astetik aurrera, lurraldeko liburutegi eta kultur zentroetan.

Larunbatean Tabakalerako Patioan egingo den omenaldian irakurketak, bertsioak eta proiekzioak izango dira. Rafael Berrioren lagun eta miresle ugarik parte hartuko dute bertan eta Gema Amiama Rafael Berrioren bikotekideak eta Jonas Trueba zinemagile, editore eta musikariak aurkeztuko dute saioa.

«Rafael Berrioren baldintzarik gabeko mireslea izan naiz urtetan, ‘Simulacro’ abesten lehen aldiz entzun nuenetik, bere burua ironiaz eta tristura poetikoz irudikatzen du kantu horretan. Ordutik, bere abestiak edozein porrot tentazioren aurkako antidoto bat balira bezala entzuten hasi nintzen», idatzi zuen zinegile madrildarrak 2016ko ‘La reconquista’ filmean burutu zuten lankidetzaren inguruan.

Carmen Fernandez Olivanek, Karmelo Iribarrenek, Jorge Carrerok, Javier Aguirrek, Iñaki Berriok eta Itsaso Aranak ‘Absolución’ liburuan agertzen diren abestien hitzak irakurriko dituzte omenaldian; eta Mikel Aguirre eta Cheli Lanzagorta (Amateur), Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Diego Vasallo musikariek Rafa Berrioren abestien zuzeneko bertsioak eskainiko dituzte.

Gainera, Berrioren irudia, ahotsaren eta irudien bidez, present egongo da omenaldiaren hainbat unetan.

Ekitaldirako gonbidapenak Tabakaleraren webgunean nahiz lehiatilan jarri dira eskuragarri baina ahalbidetu diren 200 sarrerak berehala agortu egin dira.