Amalur ARTOLA

Euskal gatazkaren gaineko gogoeta aurkeztu du Jon Cazenavek ‘Galerna’ erakusketan

Hamabi urteko proiektua da ‘Galerna’, Jon Cazenavek Kutxa Kultur Artegunean aurkeztu berri duen erakusketa. 400 irudiren bidez, euskal gatazkatik abiatuta, kontrakotasunen eta elkarguneen arteko eztabaida sortu du argazkilaria donostiarrak, ikuslearengan galdera berriak sortzeko.

‘Galerna’ 2021eko otsailaren 14ra arte egongo da Donostiako Artegunean. (Jon URBE | FOKU)
‘Galerna’ 2021eko otsailaren 14ra arte egongo da Donostiako Artegunean. (Jon URBE | FOKU)

2007an abiatu zuen Jon Cazanavek (Donostia, 1978) ‘Galerna’ proiektua. Euskal gatazkaren arantzak eta ertzak aztertu nahi izan zituen hasera hartan, baina prozesuak urrunago eraman eta antropologia, mitologia eta, orohar, bere sustraiekin lotura zuten uretan murgildu zen. Hala sortu da ostiral honetatik eta 2021eko otsailaren 14ra arte Donostiako Kutxa Kultur Artegunean (Tabakalera eraikinean) ikusgai izango den erakusketa.

«Lana era instintiboan egiten dut nik, gizarte polarizatu batean leku propioa aurkitzeko. Hasieran pentsatzen nuen leku eza hori politikatik zetorkidala, baina bi urtez gatazka politikoan lan egin eta gero konturatu nintzen gaia askoz sakonagoa zela eta kultura tradizionala, mitologia, memoria kolektiboa, natura… aztertzen hasi nintzen, atzera egin eta euskal kuestioa hobeto ulertu ahal izateko. Bide horrek eraman ninduen naturara, leizeetara, espiritualtasunera eta paisaiaren azterketara. Nolabait, liberazio hori bilatuz eta aurkituz azkenean», azaldu dio Cazenavek NAIZi eskainitako elkarrizketan (bihar, azaroak 6, elkarrizketa osoa bilduko du GARA egunkariak).

Gogoeta horiek txuri-beltzeko argazkien bidez islatu ditu Cazenavek, natura eta gizakiaren arteko paralelismoak bilatuz eta, aldi berean, gizakiak naturan duen eskuhartzea islatuz. Hala, euskal gatazkaren aurpegi gordinenarekin abiatzen da erakusketa (presoen eta Joxe Mari Uriaren hiletako argazkiekin), txanponaren bi aldeak urrun bezain gertu daudela irudikatuz, eta ostean, Map Out estudioko Aritz Gonzalezek propio erakusketa honetarako sortu duen egituraren bidez, baso ilun batean murgiltzen gaitu Cazenavek, kobazulo sakonenean sartu eta, argirantz eginez, askatasuna, edo hasera berri bat, topatzeko.

«Aretoan planteatu duguna da nolabait kapitulu guzti horien atmosfera bat irudikatzea, eta hori da interesgarria, zeren prozesu hau nirea da baina baita zurea ere, denoi gertatzen zaigulako gutxienez behin bizitzan halako prozesu batean sartu eta zure buruari galdera pilo bat egitea, iluntasun moduko batean bizitzea eta halako batean bidea aurkitzea. Atmosfera, arkitektura bat sortu dugu hori irudikatzeko», azaldu digu Cazenavek.

Erakusketaz gainera ‘Galerna’ argitalpena ere argitaratu dute eta jarduera paraleloak ere izango dira. Igandero bisita gidatuak izango dira aretoan eta Cazenavek berak lau gidatuko ditu: euskaraz azaroaren 26an eta otsailaren 4ean eta gaztelaniaz azaroak 19an eta urtarrilaren 14an. Horrez gainera, Tabakaleran ‘Ser (a través de) la imagen’ tailerra eskainiko du abenduaren 4tik 8ra, eta hitzaldi-solasaldiak ere izango dira Cazenave (abenduak 12), Oskar Alegria zinema zuzendaria (abenduak 17) eta Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearekin (otsailak 11). Informazioa gehiago, Kutxa Kultur Artegunearen webgunean.