NAIZ

Banatu dira Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak

Donostiako Antzoki Zaharrak hartu du Donostia Hiriko Kutxa Literatura lehiaketako sari banaketa. Maialen Diaz eta Mikel Ayllon, euskarazko modalitateetan, eta Markel Hernandez eta Ruben Abella, gaztelerazkoetan, dira saridunak.

Lau saridunak, irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Lau saridunak, irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Maitena Salinas kazetariak aurkeztu du larunbat honetan Donostiako Antzoki Zaharrean ospatu den Donostia Hiriko Kutxa Literatura lehiaketaren sari banaketako gala. 55. edizio honetan 683 lan aurkeztu dira lehiaketara, horietako gehienak (656) gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetan eta 27, aldiz, euskarazko arloetan. 2018ko edizioarekin alderatuta, %34 igo da lehiaketara aurkeztutako lanen kopurua (173 gehiago).

Horien artetik lau lan saritu dituzte. Euskarazko modalitateetan, Maialen Diaz eta Mikel Ayllon izan dira idazlan onenak aurkeztu dituztenak; lehenak ‘Herri hura’ lanarekin irabazi du euskarazko antzerki onenaren saria eta, bigarrenak, ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ obrarekin kontakizun-liburu onenaren saria.

Gaztelaniazko modalitateetan, Markel Hernandezen ‘Vivir de alquiler’ izan da gaztelaniazko antzerkian gailendu den obra eta Ruben Abellaren ‘Quince llamadas perdidas’ izan da, aldiz, sariketara aurkeztu den kontakizun-libururik onena.

Antzerki alorreko sarituek garaikurra eta 15.000 euro jaso dituzte, eta kontakizun-liburuko sarituek, aldiz, garaikurra eta 10.000 euro. Gainera, euren lanak liburu banatan bilduko dituzte.

Sari banaketaren ostean, Erre Produkzioak antzerki-taldeak ‘¿Cómo hemos llegado a esto?’ antzezlana eskaini du. Amodiozko hiruki baten gaineko komedia hau Gorka Minguez eta David Caiñak zuzendu dute eta oholtza gainean Maribel Salak, Gorka Minguez, Gemma Martinez eta Mitxel Santamaria antzezleak ari dira.