NAIZ

Elkartasunerako eta autogestiorako aldarria egin du Astrak

Bizi ditugun garai zailak aintzat hartuta, segurtasuna bermatzea ezezik bizitza duinari eustea ere berebizikoa dela adierazi du Gernikako Astrak. Politikariei mezua ere bidali diete: «Ez gastatu dirudik behar ez ditugun porlanezko obra apaingarrietan; lehentasuna pertsonak dira».

Astrako kideek elkartasunerako ordua dela berretsi dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Astrako kideek elkartasunerako ordua dela berretsi dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Abenduaren 24ean 15 urte beteko dira Astra okupatu eta gune autogestionatu bilakatu zenetik. «Gauza asko aldatu daitezke 15 urtetan baina badago zerbait lehen eta orain ozen esan ahal duguna: herriak bakarrik salba dezake herria, mugimenduan dagoen herriak bakarrik sortu ditzake bere burua babesteko bideak», aldarrikatu dute larunbat goiz honetan Gernikako eraikinaren aurrean, hainbat lagunek babestuta, egin duten agerraldian.

‘Eutsi ederrenari!’ lemapean, komunikatu bat irakurri dute eta, azaldu dutenez, «zalantzak» eduki dituzte bizi dugun egoeran «arduratsua izatea» zer den adosteko. «Ardura ez da bakarrik segurtasuna bermatzea; ardura ez da bakarrik gure arteko distantziak gordetzea, eskuak garbitzea edo maskara janztea. Segurtasuna bermatu behar dugu, bai, baina ardura bizitza duinari eustea ere bada: bizitza letra larriz».

Hala, pandemia egoeran autogestioa eta elkartasuna ezinbestekotzat jo dituzte Astrako kideek, eta horiek eraikitzen jarraitzeko deia luzatu diete sortzaile, militante, zaintzaile, osasun arloko langile zein kulturzaleei. Besteren artean, herri ezberdinetan sortu diren zaintza sareak, osasun arloko langileak edota kulturgile eta sortzaileak jokatzen ari diren papera nabarmendu dute. «Ezin dugu ahaztu lana galtzeko arriskuan gaudela asko, edo galdu dugula, adibidez, ostalaritzako langileek; etxe-kaleratzeak ez direla gelditu; paper eta etxe barik daudela herrikide asko; ez dakigula alokairua edo hipoteka ordaintzeko dirua edukiko dugun», ekarri dute gogora, eta politikari profesionalei eta erakunde publikoei dei garbia luzatu diete: «Ez gastatu dirurik behar ez ditugun porlanezko obra eta apaingarrietan. Lehentasuna eman beharrezkoenari; pertsonentzat beharrezkoak diren premiei».

«Guri dagokigunez, antolatzen eta ekimenak aurrera eramaten jarraituko dugu. Lanera joatea segurua bada, kultur ekimen batera edo bilera batera joatea ere bai, segurtasun neurriak hartuz. Eta ez dugu kultur programazio osoa instituzioen esku utzi nahi, espazio autogestionatuetako egitarauak behar ditugu», aldarrikatu dute. Era berean, laster Astraren sostengarritasuna bermatzeko kanpaina ekonomiko bat abiatuko dutela ere iragarri dute.

«Gaur hemen elkarturik, baikortasuna eta itxaropena kutsatu nahi ditugu. Ahal delako; beti ahal da, beti dago egiteko modu bat; egin dezagun bidea arrakalen artean, eutsi diezaiogun ederrenari: bizitzari, elkartzeari, kulturaz gozatzeari, sormenari, borrokari, elkartasunari, amets egiteari», amaitu dute.