Asier AIESTARAN

Dariok Iker Irribarria egungo txapelduna kanporatu du Buruz Buruko Txapelketan

Errioxarrak 13-22 hartu du mendean gipuzkoarra Irunen, sakeari eta defentsako lan bikainari zukua ateraz. Irribarria indartsu agertu da, baina huts gehiegi egin ditu. Dariok Altuna edo Ezkurdiaren aurka jokatuko du finalerdietan.

Dario, aurreko astean Zubizarretaren aurka jokatu zuen partidan (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Dario, aurreko astean Zubizarretaren aurka jokatu zuen partidan (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Dario errioxarrak ezustekoa eman du Irungo Uranzu pilotalekuan Iker Irribarriari 13-22 irabazi eta egungo txapelduna Buruz Buruko Txapelketatik kanpo utziz. Ezcarayko aurrelaria oso sendo agertu da defentsako lanean, eta sakearekin sekulako mina egin dio Irribarriari, lehen jokaldiarekin zortzi tanto lortuz.

Ongi sartu da partidan Irribarria. Aurreneko neurketak beti sortzen duen errespetua alde batera utziz, aramarra 2-0 aurreratu da bere-berea duen kolpe indartsua erakutsiz. Baina azkenaldian garesti ordaintzen dituen hutsak ere azkar agertu dira Irunen; gora bidalitako ezkerkada bat eta behera botatako dejada batekin 2-2 berdindu du Dariok neurketa.

Ondoren tarte parekatu bat etorri da, bakoitzak bere armak baliatzen jakin duelako. Irribarriak oso atzera jotako bi pilotakada bikain sinatu ditu (3-3, 4-3), Dariok ongi gurutzatutako pilotakada bat (2-3) eta sakez egindako bere bere lehen tantoa (4-5), eta Irribarriak berriz berdindu du markagailua ormabiko eder batekin (5-5).

Baina une horretan Dariok markagailuan ihes egitea lortu du, zazpi tanto segidan egin eta 5-12 aurreratuz. Partzial horretan hiru tanto egin ditu sakez errioxarrak, lehen jokaldia bikain baliatuz –txokora eta zabalera sakea aldatzen ederki asmatu du, Irribarriari errestoko lanak asko zailduz–.

Aramarrak ez du burua galdu, eta joko ona erakutsiz 9-12 hurbiltzea lortu du atsedenetik bueltan. Pilota asko atzeratu du eta Dariori lan zailak jarri dizkio tarte horretan. 9-12koan, esaterako, sekulako defentsa erakutsi du Ezcaraykoak, baina Irribarriak ederki amaitu du tantoa gantxoarekin.

Dariok atsedena eskatu du tanto horren ostean, eta geldialdiak ez dio onik egin egungo txapeldunari. Gipuzkoarraren bi hutsek eta Dariok sakez egindako beste bi tantok neurketa 9-16 ipini dute, gero eta zailagoa Irribarriarentzat.

Arriskatzen hasi beharra izan du Ikerrek, eta tanto ederrak lortu ditu, 10-16ko bolea zabalean edota 11-17 eta 12-19ko ormabikoak, esaterako. Baina Dario ere ez da atzean gelditu eta errioxarrak ormabiko bikainak sinatu ditu 10-17an eta 11-18an.

Erremate trukaketak, noski, Dariori egiten zion mesede, 22tik gero eta hurbilago baitzegoen. Eta azkenean, 234 pilotakada eta 45 minuturen ostean, sakez egindako bere zortzigarren tantoarekin itxi du neurketa: 13-22.

«Oso pozik nago, asko gozatzen. Ez nion eroso jokatzen utzi nahi eta horretan saiatu naiz, pilota okertzen, efektuak sartzen, eta pilotaren bat galdu dudan arren uste dut asmatu egin dudala», adierazi du Dariok partida amaieran.

Finalerdietan Jokin Altuna edo Joseba Ezkurdia izango du aurkari errioxarrak, baina azaldu duenez berdin zaio noren kontra jokatu, biak «oso indartsuak direlako buruz eta fisikoki».

Irribarria 13 / Dario 22

Pilotakadak: 234. Jokoaren iraupena: 45:50. Markagailua: 2-0, 2-3, 4-3, 4-5, 5-5, 5-12, 9-12, 9-16, 10-16, 10-17, 11-17, 11-19, 12-19, 12-20, 13-20 eta 13-22. Sakez eginak: 1 Irribarriak eta 8 Dariok. Jokoan eginak: 10 Irribarriak eta 5 Dariok. Galdutakoak: 9 Irribarriak eta 2 Dariok. Gertaerak: Irungo Uranzu pilotalekua, ateak itxita.