OIHANE LARRETXEA
IRUÑEA

‘Amaren intxaurrak’, heriotza ardatz hartu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek proiektu berrian

Umeentzat ez ezik, helduentzat eta komunitatearentzat tresna izan nahi du ‘Amaren intxaurrak’-ek. Heriotza zer den azaldu, nola kudeatu eta nola bizi, hori delako, bizitzaren parte naturala. Disko-ipuina argitaratzeaz gain, ikuskizuna ere prestatu dute.

Iruñean aurkeztu dute ‘Amaren intxaurak’ disko-ipuina, Julio Soto eta Maite Mutuberria alboan izan dituztela. (Idoia ZABALETA I FOKU)
Iruñean aurkeztu dute ‘Amaren intxaurak’ disko-ipuina, Julio Soto eta Maite Mutuberria alboan izan dituztela. (Idoia ZABALETA I FOKU)

Ibilbide luze eta oparoan, askotariko gaiak landu dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, batzuk xamurrak, besteak gaziak, baina denak beharrezkoak inguratzen gaituen mundua ulertzeko, bizitzaren beraren parte diren atal horiek ulertzeko. Eritasunak, familia ereduak, natura, maitasuna, adiskidetasuna… eta orain heriotza, bazelako honetaz mintzatzeko garaia, adierazi dutenez.

Ostegun honetan aurkeztu dute ‘Amaren intxaurrak’ proiektua, disko eta ipuinaz osatua. Lehenengoan hamabost kanta jaso dituzte, beren ibilbidean zehar egindakoak eta gaiari laguntzen diotenak. Xabier Zabalak egin du musika eta sortzaile ezberdinen hitzekin osatu dira. Bigarren atala, ipuina alegia, Julio Soto bertsolariak idatzitakoa da eta Maite Mutuberria ilustratzaileak irudiz jantzitakoa.

Istorioak Marimototsek bizi duen galera bat kontatzen du, bere ama Loretorena. Intxaurrondo bat landatuko dute lur eta errautsekin eta handik hiru udazkenera lehen fruituak ematen hasiko da arbola. Intxaur goxoak dastatzen dituzten momentura eramango gaitu istorioak. Amak inoiz bakarrik utziko ez duenaren promesa egiten dio alabari hil aurretik… eta bere hitza beteko duela ikusiko du Marimototsek.

Proiektuak bi xede nagusi ditu: galerek sortzen duten hutsune eta negar hori lagundu edo arintzeko tresna izatea batetik. Eta horretarako, joan diren pertsonek uzten dizkiguten baloreen transmisioan eta bizipenetan jarri dute arreta ‘Amaren intxaurrak’-en. «Gure albotik joan den pertsona horrek egindakoak oroitzeak lagundu gaitzake, eta negarra izan dena irribarrea izan daiteke egun batean», adierazi diote NAIZi.

Bestetik, bizitza zaindu behar den bezala, heriotza zaintzearen garrantzian jarri nahi dute azpimarra. «Jaiotzean naturatik gatoz, eta hiltzen garenean naturara goaz. Jaiotza bera ere bortitza da, heriotza bezala, baina ez zaigu horretaz hitz egiten. Modu naturalean tratatu nahi dugu heriotza, eta gure helburua, nahia, hezkuntzak gaia curriculumean txertatzea da. Horretan lagundu dezakegulakoan, gure proposamena apaltasunetik egiten dugu», erantsi du Pirritxek.

Proiektuan bidelagun izan dituzte, besteak beste, dolua lantzen laguntzen duen elkarte bat eta proiektu pedagogikoetako profesionalak. Edukia osatzeko garaian ere ibilbide luze honetan tamalez galdu dituzten «laguntxo» askoren familiak ere alboan izan dituzte haien ekarpenak aintzat hartuz.

Disko-ipuina izen bereko ikuskizun batek borobilduko du eta, iragarri dutenez, datorren azaroaren 28an izango da estreinaldia Donostian, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Ikuskizuna bikoitza izango da (16.00etan eta 18.30etan) eta sarrerak datorren astelehenean jarriko dira salgai, hilaren 23an.