NAIZ

Banatu dira 2020ko Euskadi Literatura Sariak

Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Miren Asiain, Uxue Alberdi, Aixa de la Cruz, Idoia Santamaria eta Borja Barraguek osatzen dute 2020ko Euskadi Literatura sarituen zerrenda. Sariak ostegun honetan jaso dituzte, Bilboko Alondegian izan den ekitaldian.

Saria jaso dutenak, Zupiria sailburuarekin gaur Gasteizen. (FOKU)
Saria jaso dutenak, Zupiria sailburuarekin gaur Gasteizen. (FOKU)

Apurka-apurka joan dira iragartzen eta iritsi da azkenean 2020ko Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldiaren eguna. Aurtengo irabazleak Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ Euskarazko Literaturaren alorrean, Iñigo Astizen ‘Joemak eta polasak’ Haur eta Gazte Literaturarenean, Miren Asiainen ‘Un millón de ostras en lo alto de la montaña’ Ilustrazioaren atalean, Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’ Euskarazko Saiakeraren alorrean, Aixa de la Cruz-en ‘Cambiar de idea’ Gaztelerazko Literaturan eta Borja Barrague-ren ‘Larga vida a la socialdemocracia’ Gaztelerazko Saiakerari dagokionez, izan dira, epaimahaiaren iritzian, 2020ko uztak eman dituen lanik onenak.

Sarituek ostegun honetan jaso dituzte sariak, Bilboko Alondegian egin den ekitaldian.

Karmele Jaiok jaso du sari nagusia, Euskarazko Literaturari dagokiona. Jaio uzta ederra jasotzen ari da bere azken eleberriarekin, argitaratu zenetik liburu salduenen zerrendaren gorenean baitago eta irakurleen zein kritikaren babesa jaso du. Sariaren berri ematerakoan, Pako Aristik, Mari Jose Olaziregik, Jon Martinek, Asier Serranok eta Katixa Agirrek osatutako epaimahaiak «eleberri psikologiko honen ausardia formala» azpimarratu zuen, eta «gizakion emozio eta kontraesanak adierazteko Jaiok erakutsi duen trebezia».

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria jaso du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.