Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

NAIZ, Euskaralditik Euskaraldira: irrati berri bat eta gero eta eduki gehiago euskaraz

Euskaralditik Euskaraldira, azken bi urteetan, euskararen produkzioak jauzi esanguratsua eman du gurean. Irratiak lagun, NAIZen adar desberdinetako edukien %24,4 euskaraz idazten dira dagoeneko; 2018an %15,7. Paperezko produktuen kasuan ere aldea nabarmena da, %19,5etik %29,1era egin baitu salto.

NAIZ Irratia izan da azken bi urteetako mugarrietako bat. (Jon URBE/FOKU)
NAIZ Irratia izan da azken bi urteetako mugarrietako bat. (Jon URBE/FOKU)

Euskaraldiak ispiluaren aurrean jarri eta euskarari zer leku ematen diogun ikusteko eta berrikusteko parada ezin hobea eskaintzen du. Hasteko, gaiari neurria hartzeko, zifra orokorrak. NAIZ web eremu guztian argitaratzen diren eduki guztiak kontuan hartuta, produkzioaren %28,4 euskaraz argitaratu da 2020. urte honetako lehen hamar hilabeteetan. 2018an, lehenengo Euskaraldia egin zenean, portzentaje hori %24,8koa zen. Bi urtean lau puntuko gorakada orokorra, beraz.

Jakina, analisi sakon batek kuantitatiboak ez diren beste elementu esanguratsu asko izan beharko lituzke kontuan. Adibidez, ez da gauza bera albiste bat euskaraz atariaren goialdean jartzea, edo behe-behean, baina hori zaila da zenbakietan islatzea. Era berean, edozein analisi kualitatibok aintzat hartu behar luke Euskal Herriko egoera soziolinguistiko desorekatu honetan euskararen aldeko erdarazko diskurtsoen garrantzia, eta hori zenbakietan ezin da zenbatetsi. 

Zifretatik harago, NAIZ Irratia bezalako irrati nazional bat euskara hutsez martxan jartzea, era berean, ez da apustu makala izan. Editorialetan ere inork sumatuko zuen berrikuntzarik, astean behin edo bitan euskaraz argitaratzen baitira azkenaldian.

NAIZen laurdena, euskaraz

Zifrek, edonola ere, asko esaten dute; tira egin diezaiogun hariari. Nola dator gaur estreinatzen dugun NAIZ berri hau, euskarari dagokionez? NAIZen baitan biltzen diren esparru desberdinak bilduta –alegia, Naiz+, Iruindarra, Bilbotarra eta irratia bera ere kontuan hartuta–, azken bi urteko gorakada nabarmena izan da. 2018 osoan 2.001 testu editatu ziren NAIZen euskaraz (produkzio osoaren %15,7). 2020ko urrira arte, aldiz, 4.432 izan dira, bikoitza baino gehiago. Ehunekoetan ere igartzen da aldea: hamar hilabete hauetan ekoiztutakoaren %24,4 argitaratu da euskaraz.

Hazkunde honen ardura handi bat NAIZ Irratiak dauka, jakina, baina ez bakarrik. Info atalean –alegia, Naiz.eus-en sartzean topatzen genuen horretan–, zifrak apalagoak badira ere, igartzen da goranzko joera. Atalean beste produktuetako edukiak ere jasotzen dira –GAUR8koak edo GARAkoak, esaterako–, baina espresuki Info-n publikatzeko idatzitako testuetatik 1.358 ziren euskaraz idatziak 2018an (%14,5), eta 2.781 izan dira dagoeneko aurten (%18,4).

Paperean ere, euskaraz gehiago

Papereko produktuetan ere hazkundea esanguratsua da. GARA egunkaria eta ZAZPIKA eta GAUR8 astekariak aintzat hartuta, 2020 honetan paperean argitaratutakoaren %29,1 euskaraz iritsi da kioskoetara. Euskaraldiaren lehen edizioaren urtearekin alderatuta, ez da alde txikia, orduan %19,5 izan baitzen euskaraz paperean publikatutakoa.

Ehuneko hori GAUR8 euskara hutsezko astekariak azaltzen du neurri batean, baina goranzko joera GARA egunkariaren eskutik dator, 7Kren laguntzarekin. Igandekariaren kasuan, 2020 honetan %24,5 publikatu da euskaraz, 2018an baino hiru puntu gehiago.

GARAn, ordea, aldaketa sakonagoa izan da. Aintzat hartu behar da martxoaren erdialdetik aurrera, pandemia dela medio, orrialde kopurua –eta testu kopurua, ondorioz– asko murriztu zela. Horrek ez du euskararen presentzia murriztu; kontrakoa. 2018an %16,6 argitaratu zen egunkarian euskaraz. 2020ko lehen hamar hilabete hauetan, ordea, %24,9 izan da. Argitaratutakoaren laurdena.

Azaldutako bi blokeak batuz gero –laburbilduz, paperezko produktuetan eta NAIZen ekoitzitakoak–, gorakada esanguratsu bera ikus dezakegu. 2018an produktu guztietan argitaratutakoaren %18,2 zen euskaraz; aurten, portzentaje horrek %26,3ra egin du jauzi.

Analisi kualitatiboaz bi hitz

Honaino zenbakiak. Esan dugu ez ginela analisi kualitatiboan sartuko, baina plazaratutako zifrek argibide bat eskatzen dute, arraroa baita %28,4 euskaraz egiten dela esaten hastea, eta %26,3 dela esaten bukatzea. Baten bat ohartuko zen. Zifra baten eta bestearen artean dagoena, nagusiki, Agenda deitu izan dena da. NAIZen argitaratzen zen, baina informazio jariotik independenteki. Beraz, zenbatu ere independenteki zenbatzen zen.

Pandemiak, neurri handi batean, eta gaur estreinatzen den NAIZ berrirako prestakuntzak –beste gauza bat izango da Agenda orain– atal honetan argitaratutako edukiak asko murriztu dituzte 2020 honetan. Iaz 7.000 testu baino gehiago izan ziren, eta aurten ez dira 2.000ra iristen. Atal honetan argitaratzen denaren %60 baino gehiago euskaraz argitaratzen da. Beraz, Agendako zifrak emaitza orokorretan sartzean, euskararen portzentajeak gora egiten du.

Kualitatiboki esanguratsua da, beraz, puntu hau kontuan izatea, norbaitek esan baitezake Agendako edukiak ez direla garrantzizko edukiak. 2018an, Agenda kontuan hartu gabe, NAIZeko eta papereko produktuetan %18,2 argitaratu zen euskaraz, lehenago esan bezala. Agenda (eta intzidentzia oso txikiko blogak) gehituta, portzentajea %24,8ra igotzen da. Sei puntu eta erdiko aldea. 2020ko lehen hamar hilabeteetan, ordea, NAIZeko eta papereko produktuetan aipatutako %26,3 argitaratu da euskaraz. Oraingoan, ordea, portzentaje hori bi puntu baino ez da igotzen –%28,4ra– Agenda gehitzen dugunean.