Joseba Salbador

Euskarak guztion aktibazioa behar du

Pandemiak euskalgintzan eragin dituen kalteei modu egokian aurre egin ahal izateko dei berezia egin diete euskararen alorrean diharduten hainbat eragilek herritarrei eta erakundeei.

Kontseilua, Topagunea, Durangoko Azoka, Errigora, AEK eta Ikastolen Elkartea izan dira, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, deialdia egin duten eragileak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Kontseilua, Topagunea, Durangoko Azoka, Errigora, AEK eta Ikastolen Elkartea izan dira, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, deialdia egin duten eragileak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Beste hainbat arlotan bezala, pandemiak estu hartu ditu euskara eta euskalgintza, lehendik zetozen gabeziak gordindu besterik ez dituelako egin. Horregatik, euskalgintzako hainbat eragilek herritarren aktibazioa eta erakundeen erantzukizuna eskatzen dute, pandemiak arlo honetan eragin dituen kalteei aurre egin ahal izateko.

Kontseilua, Topagunea, Durangoko Azoka, Errigora, AEK eta Ikastolen Elkartea izan dira, euskalgintzaren ordezkaritza zabal baten izenean, deialdia egin duten eragileak. Izan ere, euskalgintzaren hainbat proiektu mugarri bertan behera geratu behar izan dira; hala nola, Korrika eta Ikastolen eta Eskola Publikoen festak. Aurrera egitea lortu dutenek, aldiz, hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte, zailtasunak zailtasun; Errigora eta Durangoko Azoka, kasu.

Egoera honen aurrean, guztiek ziurtatu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela herritarren aktibazioa eta babesa, eta erakundeei eskatu diete erantzukizunez joka dezatela, euskalgintzaren eta euskal hiztunen eskubideen aldeko erabaki estruktural eta iraunkorrekin.

Kontseiluak badu mahai gainean horretarako proposamena: “Geroa euskaratik” adierazpena. Ekainean aurkeztu zuen erakundeei zuzendutako agiria, eta «euskalgintzari arnasa eman eta denon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta gizarte berdinzale eta kohesionatuago bat lortzeko» neurri zehatzak jasotzen ditu. Inoiz baino beharrezkoago direnak, Paul Bilbao idazkari nagusiaren hitzetan.

Herritarren parte-hartzea

«Euskalgintza ez dago geldirik», ziurtatu du Paul Bilbaok. Horren adibide dira itxialdian zehar euskal sortzaileek eskainitako sareko hamaika saioak, euskaltegiak helduak euskalduntzen jarraitzeko egiten ari diren ahaleginak... «Orain aparteko aukera dugu proiektu horiek babestuz, erakusteko euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea dugula».

Euskaraldia da proiektu horietako bat. Parte hartzea inoiz baino premiazkoagoa dela dio Kike Amonarrizek, Euskaraldiaren antolatzaile den Topaguneko lehendakariak: «Egoera honetan ere, ezinbestekoa zaigu herritarren jarrera aktiboa, komunitate gisa antolatu eta jokatuko duena; une zail hauetan euskararen aldeko jarrera proaktiboa erakutsi eta zabalduko duena».

Ildo beretik hitz egin dute Arantza Atutxa Durangoko Azokako ordezkariak eta Ibai Sueskun Errigorako kideak. Azokak sarerako apustua egin du, horrek dakartzan ondorio sozial eta ekonomikoekin, eta, sarearen bidez bada ere, urteroko bisitari eusteko deia egin dute. Errigorak, bestalde, aparteko esfortzua egin behar izan du, Sueskunen hitzetan: «Inoiz baino zailtasun gehiago topatu arren, sinetsita gaude inoiz baino beharrezkoagoa dela ahalegina».

Korrika zein euskarazko irakaskuntzaren aldeko jaiak, aldiz, bertan behera geratu dira aurten. Proiektu mugarriak dira, eta erabaki gogorra izan dela diote Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Alizia Iribarne AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Hala ere, lanean jarraitzea inoiz baino premiazkoagoa dela ziurtatu dute.

Euskararen aldeko politikak

Herritarren parte hartzea bezain garrantzitsu dira erakundeen erabakiak, Bilbaok dioenez: «Babes hori ezin da herritarren bizkar ipini. Administrazioak, erakundeek eta eragileek ere arduraz jokatu behar dute, erantzukizunak partekatu behar dira. Hiztunoi euskararen erabilera erosoa bermatzeko urratsak egin behar dituzte erakundeek: erabaki eta neurri zehatzekin».

Berehalako erabakiak behar ditugulako, Amonarrizen hitzetan: «Neurri zehatzak hartzen ez badira, joera horiek hizkuntza hegemonikoak indartuko dituzte, are gehiago. Egoera honetan euskararen alde jokatzea bada komunitatearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, gertuko komertzioa eta sortzaileak babestea... Euskaraz egin eta euskararen alde egotea, denon geroa eraikitzea baita».