NAIZ

'Salto is the King' eta 'Arriesgarse a vivir' filmek zabalduko dute Mendi Film Festibala

Mendi Film Festibalaren 13. edizioa hasiko da ostiral honetan. Sail ofizialeko 'Salto is the king' filmarekin abiatuko da jaialdia eta Zabalandi saileko 'Arriesgarse a vivir' ere proiektatuko da ostiralean. Berrikuntza bezala, sail ofizialeko pelikula guztiak online ikusi ahal izango dira.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioa «indar betean» hasiko dela aurreikusten dute antolatzaileek, izan ere hasiera ekitaldiko sarrera guztiak agortuta daude. Euskalduna jauregian egingo da irekiera gala ostiral honetan (19.00) eta bi pelikula eskainiko dira.

Sail ofizialeko 'Salto is the king' lanak zabalduko du festibala. Mendi Filmeko Sari Nagusia irabazi zuen Pavol Barabás zuzendari eslovakiar entzutetsuaren pelikula da honakoa, Venezuelako Salto Angel ur-jauzi ikusgarrian kokatua.

Ondoren, lehiaz kanpoko Zabalandi saileko estreinaldi handi bat proiektatuko da: 'Arriesgarse a Vivir', The Walk On Project fundazioaren pelikula, alegia. Pandemia garaiotan kemenez beteriko mezua dakar eta protagonista handiak biltzen diitu lanak: Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastian, Nives Meroi eta Romano Benet, Didac Vila...

Sail ofizialean 18 herrialde ezberdinetako 54 film lehiatuko dira. Nazioarteko 6 estreinaldi egingo dira asteburuan, eta horietako 5 euskal produkzioak dira: 'Aterpean Ateri', 'Arriesgarse a Vivir', 'Iparraldean', 'Mendian Hil, Hirian Hil' eta 'Urmuga'. Kanarietakoa da bestea: 'Jurria: Guardianes del Garrote'.

Mendi Film Sari Nagusiaren irabazle izandako Pavol Barabás ('Salto is the King') eta Paul Diffley ('A Dream of Edwin Drummond') zuzendariak ere ageri dira Euskalduna, Golem zinemak eta Sala BBK-ko programazioetan, eta besteren artean baita Reinhold Messner ere ('The Great Peak').

Jaialdia, online

Aurten, koronabirusaren pandemia dela-eta, Mendi Film Online jaialdia ere hasiko da ostiralean bertan, 20.00etatik aurrera. Sail ofizialeko film guztiak online, nahieran, ikusteko aukera egongo da jaialdiaren webgunean.

Filmak banaka nahiz multzoka alokatzeko aukera, eta egindako alokairu motaren arabera luzatuko da haiek ikusteko denbora (24 ordu, 72 ordu edo 30 egun). Espainiar eremu geografikoan ikusi ahal izango dira pelikulak.

Pelikulez harago, 'Mendiari bihotz emanak' komikiaren aurkezpen ekitaldia ere jasoko du Euskaldunak (larunbatean, 19.00etan). Iñurrategi anaien mendi ibilbideari, eta bereziki duela 20 urte mendi istripuan hil zen Felixi, tributua egiten dion komiki liburu berria aurkeztuko dute Ramon Olasagastik eta César Llagunok egileek, Alberto Iñurrategirekin batera.

The Walk On Project (WOP) saria, aldiz, Baltistan Fundazioak jasoko du. Nazioarteko lankidetzako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, Pakistaneko Karakorum mendi lerroan lan egiten duena.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioak Bilboko txokoak mendiko izpirituarekin jantzi ditu. Ensanche eraikinean nahiz Metro Bilbaoko Abando, Moyua, Indautxu eta Santimami geltokietan ikusgai daude CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako 6. edizioko lan sarituak.