Camile MALPLAT (AFP)

Netflixeko ‘Oloture’ filmaren egiak: salerosketaren oinazea

Netflixera heldu den lehen film nigeriarra emakumeen salerosketari buruzko istorio gordina da, Tobore Ovuorie kazetariaren lanean oinarritutakoa. «Oloturé» da filmaren izenburua, kazetariaren izena fikzioan. Bizitza erreala, baina, fikzioa bera baino latzagoa da.

Filmearen protagonista nagusia. (Pius UTOMI EKPEI/AFP)
Filmearen protagonista nagusia. (Pius UTOMI EKPEI/AFP)

Urrian estreinatu zen Netflix plataforman, mundu osorako, “Oloturé” filma. Kenneth Guyang zuzendariaren lanak, gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren salaketa du ardatz, batez ere, Nigeriako emakumeek pairatzen dutena. Filmeko protagonista asmo handiko kazetari bat da, kementsua eta nekaezina. Baita ausarta ere, oso. Jarritako hitzordura ekarri duen Vichy koadrozko soinekoari so eginez, zaila da aurrean dugun Tobore Ovuorie kazetaria Lagos hiriko auzo txiroenetan barna imajinatzea gona motzak eta takoizko zapatak jantzita, bere bizitza erabat markatuko zuen erreportaje sortari ekiteko hartutako mozorroan erabat sartuta.

2013. urtean, Tobore Ovuorie kazetariaren lagun bat hil zen, Europara sexu-langile bezala joan ondoren mafia baten kontrolpeko sare baten eskutik. Sare horietan infiltratzea otu zitzaion orduan kazetariari. «Justizia egin nahi nuen, baita emakume esplotatuon egoera salatu ere», aipatu du. Lehen urratsa, sareotako kideekin konfiantza lortzea: trafikatzaileekin lan egiten zuen madame bat ezagutu behar zuen horretarako, Europara dozenaka neska nola bidaltzen zituzten bertatik bertara egiaztatu ahal izateko.

Zortzi hilabeteko ezkutuko ikerketa lan arriskutsuaren ostean, Tobore Ovuoriek kontakizun izugarri gogorra zuen esku artean: adin txikiko nesken aurkako sexu abusuak, politikariek antolatutako orgiak, errituetan erabiltzeko organo trafikoa... Erreportajea Nigeriako “Premium Times” egunkariak eta Herbehereetako “Zam Chronicles” aldizkariak argitaratu zuten 2014an eta, ondoren, Nigeriako ekoizle batek pantaila handirako egokitu zuen istorioa.

Nazioarteko plataforma batean estreinatu ahal izatea maila handiko arrakasta bihurtu da “Oloturé” film nigeriarrarentzat; normalean, gutxitan izaten baitute zabalkundea Afrikatik harago herrialdeko lanek. Kenneth Gyang zuzendariarentzat, filmak «beraien lana azken muturreraino daramaten kazetariei buruz hitz egiten du. Baina, era berean, salerosketaren biktima diren emakumeen egoera ezagutarazi nahi du». Europan lortutako oihartzunarekin baino, pozarren dago Nigerian bertan izandako arrakastarekin: «Filma neskon jatorri diren herrixka txiroetan nola eman aztertzen ari gara orain».

Izan ere, sexu-esplotaziorako emakumeen salerosketa arazo larria bihurtu da Nigerian. Hegoaldeko Benin hiria da Europara heltzen diren emakumezkoen errekrutatze gune nagusia. Ez dago datu ofizial zehatzik, baina soilik Italian 10.000 eta 30.000 emakume nigeriar bitartean prostituitzen dira, herrialdeko agintarien arabera. Horrez gain, Beninetik ateratzen diren milaka eta milaka emakume ez dira Mediterraneoa zeharkatzera ere iristen, Libian edo Mendebaldeko Afrikako beste herrialde batzuetan gelditzen baitira kontrabandisten esku.

Gezurrak, abusuak

Filmean, Oloturé protagonistak Beninerako bidea hartuko du beste dozena bat emakumerekin batera. Bertan, madame batek Europa bidean jarriko dituela agintzen die; hori bai, bidaia egiteko laguntzaren truke zor itzelean sartuko dira neskok (70.000 eurora irits daiteke zorra), Italiara iristean kitatu beharko dutena. Berehala, uste baino arriskutsuagoa bihurtuko da bidaia. Mugara zuzenean jo beharrean, emakumeak daraman minibusa entrenamendu-eremu ilun batean geldituko da, Lagos kanpoaldean. Bertan, mota guztietako tratu txarrak jasango dituzte emakumeok, eta han “egindakoaren” arabera “sailkatuko” dituzte: forza strada bezala markatuko dituztenak, kaleko prostitutak izango dira, eta, forza speziale izendatutakoak, bezero aberatsagoentzat gordeko dituzte.

Filmeko pertsonaiarik maitekorrena Linda da, herri txiro batetik ateratako heziketarik gabeko gaztea. «Lindak Europan bizitza hobea izango dutela uste duten emakumeok ordezkatzen ditu. Gero egiarekin topo egingo du. Linda bezalako emakume asko ezagutu ditut», onartu du triste kazetariak.

Egitasmoa abiatu zuenetik zazpi urtera, Tobore Ovuorier ikerketa egiten ezagutu zituen kideak aurkitzen saiatzen ari da, Europan bizitakoa kontatu asmoz. Izan ere, esplotazio sareon aurkako borroka bere bizi borroka bihurtu du. Ordaina, hori bai, handia izan da. «Lehen nintzenaren itzala besterik ez naiz. Irribarre egiten, ondo egoten saiatzen naiz, baina, egia aitortzen badizut, gogorra egiten zait bizitzen jarraitze hutsa».