
Euskal preso politikoen auzian zer esana duten zenbait lagun bezperan herriz herri egindako mobilizazioen garrantziaz nahiz urruntze politiken zentzugabekeriaz mintzatu dira. Kartzelan daudenentzako agian nahikoa ez den arren, gehienek bat egin dute euskal presoen auzian azken urtea erabakigarria izan dela esaterakoan. Aurten, Bilboko eta Baionako urteroko manifestazio masiboak ez dira egin, baina aldarria urterokoa izan da, aurtengo hitzordua azkenengoa izango den esperantzarekin. Bien bitartean, hori bai, bakearen eta elkarbizitzaren mesedetan atzokoa bezalako ekimenek beharrezkoak izaten jarraitzen dutela diote, ezinbestekoak baitira euskal preso eta iheslarien etxeratze bidean urratsak egiten jarraitzeko. Izan ere, borroka, konpromisoa eta antolakuntza behar-beharrezkoak dira oraindik ere, ahalik eta arlo gehienetan gainera.
NAGORE ALKORTA
Azpeitiko alkatea
«Presoen eskubideen defentsarekin bake prozesuari heltzeko momentua da»
Manifestazioaren aurretik, herrian jada «nabaritzen» zen atzoko mobilizaziorako giroa, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak dioenez. 400 lagunek atera zuten argazkia “Presoak plazara” lemadun kartelarekin, ekimenari atxikimendua adierazteko asmoz. «Horrekin bakarrik nabaritzen zen herri honek horretaz hitz egiteko nahia duela», dio Alkortak. Pozik agertu da azken urtean presoen aferan egindako aurrerapenekin. «Ikusten da hurbiltze prozesua martxan jarri duela Estatu espainiarrak; poliki, baina presoekin hitz eginda, beraientzat nahikoa ez bada ere, garrantzitsua da», dio. «Bake prozesuarekin eta Euskal Herriko egungo egoera politikoarekin bat ez datorren espetxe politika aplikatzen da. Presoen oinarrizko eskubideen defentsarekin bake prozesuari heltzeko unea da, aurrerapauso bat emateko momentuan gaude», nabarmendu du.
IÑAKI BILBAO
Preso ohia
«Emaitzak lortzeko ezinbestekoa da konpromisoa izatea sektore guztietan»
28 urte preso egon ostean, 2020ko urriaren 1ean aske geratu zen Iñaki Bilbao. Hilabete gutxi daramatza aske, eta burura datorkion lehenbiziko gauza da pentsatzea bera kalean dagoela eta «beraiek, presoak», kartzelan, «horrek esan nahi duen guztiarekin». Getariako mobilizazioan parte hartu zuen atzo. Aurtengo protesten formatuak «mugak» dituela iritzi du Bilboko manifestazio masiboarekin alderatuta. «Kopuruak nahitaez azaltzen du konpondu gabeko errealitate bat dagoela», dio. Hala ere, nabarmendu du aurtengoak aukera eman duela herri bakoitzeko dinamikak bultzatzeko. Preso eta iheslarien behin betiko etxeratzeari, berriz, ezin data zehatzik jarri, «are gutxiago orain arte ikusirik Estatuaren jarrera eta borondate eza gai honetan». «Nolanahi ere –esan du–, emaitzak lortzeko ezinbestekoa da konpromisoa eta borroka sektore guztietan».
AMAIA IZKO
Abokatua
«Mugitzea baino, lortu behar duguna afera hau guztiz konpontzea da»
Iruñeko mobilizazioan parte hartu zuen Amaia Izkoren iritziz, «begi bistakoa» da aurten euskal preso politikoen afera mugitzea lortu dela. «Guztion artean lortu dugula», gehitu du. Izan ere, azken urteetan «hitz politak bai, baina ekintza gutxi sumatu da» Gobernu espainolaren eta frantsesaren aldetik. Hala ere, uste du ez dugula «etsi behar», eta «jo eta ke bultzatzen, ekiten» jarraitu behar dela, «kaletik eta instituzioetatik» noski, baina baita «espetxeetan, epaitegietan eta alor guztietan» ere. «Asko falta da oraindik eta orain, martxan gaudela, indarrak eta gogoak biderkatu behar ditugu, mugitzea baino, lortu behar duguna delako afera hau guztiz konpontzea», azpimarratu du Izkok. Ildo horretan, presoen arazoari behingoz irtenbidea aurkitzea «elkarbizitzari eta etorkizun libreago bati egiten ahal diogun ekarpenik handiena» dela iritzi du abokatuak.
ANA SAROBE
Mikel Karreraren ama
«Borrokatzen jarraitu behar dugu, asko falta da nahi duguna lortzeko»
Alde Zaharreko mobilizazioan parte hartu zuen Ana Sorabe Mikel Karrera presoaren amak ere. Oneka elkarteko kidearen ustez, atzoko mobilizazioekin «estatuek jakin behar dute hor gaudela». «Oso hunkigarriak dira Bilbo eta Baionako manifestazioak senideontzat. Aurten ezberdina da, baina dagoen eguraldiarekin ondo atera zaigu herriz herriz egitea, etxe ondora ateratzeko aitzakiarik ez dagoelako», nabarmendu du. Semea Lannemezan dago 2018tik, eta aurretik Parisen egon zen. Soraberen esanetan, orain «askoz hobeto» dago familia eta baita Karrera ere, gertuago eta beste 12 kiderekin dagoelako. Hala ere, pandemiak bisitak murriztu ditu eta egoera zaila da presoentzat. Soraberen iritziz, gobernuek «mendeku politikekin» jarraitzen dute oraindik, «pausuak eman» badituzte ere. «Borrokatzen jarraitu behar dugu asko falta delako», gaineratu du.
JUAN MANUEL GALARRAGA
Iheslari ohia
«Esperantza horiek pixkanaka betetzen ari dira, ez guztiak, baina zerbait bada»
Sortzez Zaldibiakoa da, horregatik deitzen diote Xaldibi lagunek. Senperen bizi da, baina «mobilizatu behar denean beti mugitzen gara». 1973. urtean utzi zuen bere sorterria eta Ipar Euskal Herrian hartu zuen babes urte luzez. 2014an itzuli ahal izan zuen berriz ere sorterrira, 41 urteren ostean.
«Mugimendu txikiek ere beti dute garrantzia, baina batez ere gaur egun», azaldu du iheslari ohiak. Bere esanetan, «mobilizatu gabe ez dator ezer, bultza egin behar da». Horregatik, «horrelako mobilizazio handiak direnean beti parte hartzen» duela adierazi du.
Galarraga itxaropentsu agertu da: «Azken hilabeteotan mugimendu garrantzitsuak izan dira, behar-beharrezkoak zirenak, zeren aurretik ez da deus izan. Jendeak zerbait serioa espero zuen, eta esperantza horiek pixkanaka betetzen ari dira, ez guztiak, baina zerbait bada».
AIALA URTEAGA
Bakegilea
«Gazteok zuzenean ukitzen gaitu, asko baitira gurasoak preso dituztenak»
Presentzia berezia izan zuten gazteek Baionako mobilizazioan. Bernat Etxepare lizeoan hainbeste gaztek eman zuten izena, non antolatzaileek zubi oso bat haientzat gordetzea erabaki zuten. Ikasle batzuek, ordea, urrats bat gehiago eman eta antolakuntzan laguntzeko hautua egin zuten. Horietako bat izan zen Aiala Urteaga.
Hamabost urte besterik ez dituen arren «bere ekarpena» egin nahi izan du. «Gazteok zuzenean ukitzen gaitu presoen auziak, asko baitira gurasoak preso dituztenak. Horregatik bake prozesua bururaino eraman behar da eta arazoa betirako konpondu», azaldu du Urteagak.
Beskoitzeko gaztearen iritziz, «presoak askatu behar dira, zinez askatasun egoera batean egoteko, irabazle eta galtzailerik gabe, soilik hori lortzen denean eta guztiok berdintasun egoera batean garenean eraiki ahal izango da bake justu bat».

Gazte bazkari jendetsu batekin, indar betean jarraitzen du Topaguneak Abadiñon

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»

Detenido un hombre de 45 años por matar presuntamente a su pareja en Basauri

Asuntos Internos investiga si la Ertzaintza pudo evitar el ahogamiento en la operación de Irun
