
‘ElDiario.es’ egunkari digitalak asteazken honetan argitaratu duen bideo batean Bilboko Santa Marina ospitaleko langileak ageri dira, covid-19aren aurkako txertoa hartzen.
Bi minutu baino gehiagoko bideo hau osatzen duten irudietako batean, Jose Luis Sabas zentroko zuzendari ohia agertzen da, ezker besoan txertoan jartzen ari zaizkion unean. Hain zuzen, protokoloa hautsiz txerto hori jaso zuela jakin zenean kargua utzi behar izan zuen. Basurtuko ospitaleko zuzendari eta zinegotzi jeltzale izandako Eduardo Maiz ere arrazoi beragatik kargugabetu zuten.
Ondoren, Sabasen eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arteko nolabaiteko lehia bat piztu zen, adierazpen publikoen bitartez. Gertatutakoari buruzko jarrera kontrajarriak azaltzeaz gain, arreta Osakidetzan indarrean dagoen ereduan jartzeko balio izan zuena. Eredu hori aspalditik dago zalantzan, batez ere 2016-2017ko Lan Eskaintza Publikoaren inguruko eskandalua publiko egin zenetik.
‘El Correo’ egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Sabasek, aspalditik zuzendaritza jeltzalearen konfiantza zeukanak, adierazi zuen Osakidetzako arduradun nagusiek bazekitela kudeatzen ari zen zentroko langile guztiei txertoa jarriko zitzaiela, eta gaineratu zuen «mehatxuengatik» egin ziola uko karguari.
Haren adierazpenek, beraz, zuzenean interpelatzen zuten Sagardui sailburua, eta hark dena ukatuz erantzun zuen: Sabasek txertoa jarriko zuela jakinarazi zionik gezurtatu zuen eta, era beran, azpimarratu zuen bere Departamentuak ez diola baimenik eman osasun-zentro bati ere lehen fase honetan bere langile guztiei dosiak emateko.
Atzokoan, Iñigo Urkullu lehendakaria txertaketa hauei buruz mintzatu zen eta, esan zuenez, gertatutakoak «pena, tristura eta amorrua» eragin dio, baina ez zuen inolako neurririk iragarri.
Gaur bertan, arratsaldeko lehen orduan, Sagardui sailburua Gasteizko Legebiltzarrean azalpenak ematekoa da eta, gauean, aldiz, Sabasek erantzuteko parada izango du. Izan ere, 22.00etatik aurrera elkarrizketa egingo diote Telebilbao katean.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»





