NAIZ

Lau euskal hedabide elkartu dira adimen artifizialaren ‘olatua’ ez galtze aldera

Adimen artifizialaren ‘olatua’ ez galtze aldera, Heraldabide izeneko berrikuntza-proiektua abiatu dute Hamaika Telebista, ‘Berria’, Kanaldude eta Antxeta Irratiak. Egun, euskarazko edukien kontsumoa, gora egin duen arren, pisua galtzen ari baita plataforma digital eta hedabide nagusien aurrean.

Berria, Kanaldude, Antxeta Irratia eta Hamaika Telebistako ordezkariak eta proiektuari babesa eman dioten Elhuyar eta Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdeko arduradunak. (Andoni CANELLADA /FOKU)
Berria, Kanaldude, Antxeta Irratia eta Hamaika Telebistako ordezkariak eta proiektuari babesa eman dioten Elhuyar eta Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdeko arduradunak. (Andoni CANELLADA /FOKU)

Hamaika Telebista, ‘Berria’, Kanaldude eta Antxeta Irratiak elkarlanean lotutako Heraldabide izeneko proiektua aurkeztu da ostiral honetan Donostiako Koldo Mitxelenan. Bertan, Iñaki Uria, Hamaika Telebistako zuzendaria; Josu Aztiria, Elhuyarreko Adimen Artifiziala Hizkuntzan unitateko koordinatzailea; eta Arola Urdangarin, Akitania Berria-Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen zuzendaria izan dira.

Mugaz bi aldeetako erakunde honek diruz lagunduko baitu proiektua ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiaren barruan –dirulaguntzak hiru urteko iraupena izango du– eta Elhuyar Fundazioak laguntza teknologikoaz arduratuko da.

Azken urteetan, hedabide guztiak –izan prentsa idatzia, irratia zein telebista–, eraldaketa une batean daude sartuta, bete-betean. Internet bidezko eskaintzak zentralitatea hartu du. «Eredu aldaketa sakon baten aurrean gaude eta gure erabiltzaileen ohiturak eta kontsumo-ereduak aldatzen ari dira. Audientziaren kontsumo-ohiturak abiadura bizian aldatzen ari direla argi dagoela dirudi. Azken urtean bizi izan dugun osasun-krisiak joera hauek bizkortu eta areagotu ditu gainera, Interneteko kontsumoa esponentzialki handitu delarik eta digitalizazio-prozesua geldiezina dirudi», aipatu dute proiektu honen arduradunek.

Are gehiago, «digitalizazioaren eta onlineko edukien handitzearen testuinguru honetan, euskarazko edukien kontsumoa, gora egin duen arren, pisua galtzen ari da plataforma digital eta hedabide nagusien aurrean». Eta proiektuak hori ekiditea du helburu: «Euskarazko hedabideetara iristea adimen artifizialaren olatuaren onurak, digitalizazioaren eta negozio-eredu berrien erronkei hobe erantzuteko, erabiltzaileen esperientzia eta beharrak hobe erantzungo duten hedabide berritzaileak sortzeko», eragileen esanetan.

Helburu teknologikoak

Proiektuaren helburu nagusia mugaz gaindiko euskarazko hedabideen elkarlana bultzatzea da, eraldaketa digitalerako urratsak bizkortzeko eta adimen artifizialak dakartzan hobekuntzak komunikazio-prozesuetan arrakastaz txertatzeko. Hedabideen komunikazio-prozesuen kudeaketa adimentsua aurrera eramateko eraldaketa teknologikoa eramango da aurrera, aipatu dutenez.

Proiektu honetan beraz, eraldaketa lagunduko duten teknologiak eta teknologia horiek integratuko dituen plataforma berritzaile bat garatzea proposatzen dute parte-hartzaileek. Plataformak zenbait funtzionalitate izango ditu, esaterako, etiketa semantikoen erauzketa neuronala testuetatik zein audioetatik euskararako, frantseserako eta gaztelaniarako. Etiketa semantikoen erauzketa aberatsa, gai orokorrak, gai zehatzak, eta izendun entitateak (pertsonak, erakundeak eta tokiak) bereiziko dituena.

Era berean, edukiak Wikidata ezagutza data-base estandarreko kontzeptuekin lotuko dira eta, azkenik, audioen azpititulazio automatiko sendoa, hizkera espontaneoa, euskalkiak eta inguruko zarata aintzat izango dituena sortzea. Ipar Euskal Herriko aldaerak eta bizkaiera hartuko dira aintzat, eragileek aipatutakoaren arabera.