Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Migrazioaren ahotsa

Gure herrian bizi den atzerritarrak zer du esateko? Ez ote da interesgarriago migranteei, eurei, ahotsa ematea? Euskal kulturaren olinpoan ez dute lekurik atzerritar euskaldunek? Zer eskubide dugu esklabotzari buruz hitz egiteko kolonizatzaileak izan garenaren pertzepziorik ez badugu?

‘Atzerrian lurra garratz’ lanaren irudia.
‘Atzerrian lurra garratz’ lanaren irudia.

«Atzerrian lurra garratz, hoña ibini egik baratz» dio XV. mendeko esaerak. «Atzerrian pausua ez dugu hain irmoki ematen, ez baita gure lurra», eman digu azalpena Ander Lipusek. Esaldia presente dago antzezlan osoan zehar. “Etxekoak” lanean euskaldunok atzerritarrekiko dugun begirada jorratu zuen Artedramak. Orain atzerritarrek gurekiko duten begiradari jarri dio fokua.

Dolua da "Atzerrian lurra garratz” antzezlana. Gaua. Aurora Mora (Laura Penagos) aurkituko du ikusleak agertokiaren gainean. Performerra da eta sorkuntza betean da. Haren inguruan, joan-etorrian, beste hainbat pertsonaia: ama, ahizpa, amona indigena, Kepa mutil laguna, eta honen aita. Denak Ander Lipusek gorpuztuak.

Gauaren erdian ahizparen deia Kolonbiatik. Ama hil da. Amaren galerak bide emango dio Aurorari bere identitateaz hausnartzeko. «Ama da, baina aberria ere izan daiteke. Biak ala biak oso garrantzitsuak dira zer garen jakiteko. Bere amaren heriotzak lagunduko dio aurorari gauzak ulertzen eta bere bihotza entzuten, bere bizitzarekin zer egin erabakitzen», kontatu du Penagosek.

Bogota ondoan jaioa, hamabi urte daramatza gure artean, Iruñean lehenik, Etxarrenen azken urteotan. Pozik da. «Prozesua oso polita da. Agertoki gainean sortzailea izatea berria da niretzat. Orain arte zuzendariaren aginduetara zegoen tresna izan naiz. Antzerki muntaiaren alor teknikoa ere ez nuen ezagutzen». Erronka handia da berarentzat euskaraz lan egitea. «Erronkak gustukoak ditut [barreak], euskara maite dut eta luxua da euskaraz lan egitea».

«Lan intentsoa» izan dela aitortu du Amancay Gaztañagak. Zuzendari lanetan dabil. «Denborarekin lan egiteak aukerak ematen dizkizu, proba gehiago egin ditzakezu. Asko gozatu dut denbora hori hartuz».

Galderak luzatzen ditu antzezlanak. «Pertsona bat noiz arte da migrantea?», horietako bat. «Txori batek migratu eta habia han egiten badu, bertako txoria da. Aldiz, guk ez diogu inoiz uzten begirada horretatik ikusteari. Asko hitz egiten da etorri berri direnen inguruan, baina oso gutxi bertan bizitzen saiatzen diren beste pertsonen inguruan», esan du.

Oparia izan da Gaztañagarentzat proiektua. «Min handia sufritu duen herria izan garenez, horrek eramaten gaitu sufritu dutenen aldera eta ez gara kontziente gu ere borrero izan garela. Eta izaten garela beste herri batzuentzat. Gure zuritasunetik eta gure pribilegioetatik abiatuz era inkontziente edo kontzientean guk ere kolonizatu eta esklabo bihurtu ditugu beste herri batzuk. Horren jabe izatea, horren inguruan lan egitea, nork bere kontraesanekin topo egitea, oparia izan da. Une batzuetan zaplaztekoa ere bai, eta hori oso ondo etortzen da beti»».

Belarriak adi izan ditu Ander Lipusek. «Besteei entzuteko espazioa izan da niretzat. Duela bi urte ezagutu nuen Laura Penagos eta bere proiektuak azaldu zizkidanean pentsatu nuen hor bazegoela kontatzeko istorio bat», esan du. Fikziora jo dute publikoarengana iristeko. «Hori dena fikzionatu eta gure komunitateari, euskal komunitateari, kontatuko diogu; emakume sortzaile batek, atzerriratu den pertsona batek izan ahal dituen sentimenduak».

Belarriak adi, begiak irekita. «Bestearen istorioa gurea ere bada. Elkar ezagutzea da», azpimarratu du Lipusek. Garbi izan zuen emakume batek gidatu behar zuela antzezlana. «Laurak kontatu behar zuen eta emakumetasunetik kontatu behar zen. Horregatik aukeratu genuen Amancay Artedramatik berak zuzendu zezan. Beste pisu bat ematen dio, gizonezko batek ala nik zuzendu banu beste era batera egingo nuke. Eta horri ere lekua utzi nahi izan diogu».

Azken bi urteotan hainbat egonaldi egin dituzte antzezlana gorpuzteko eta azken egunak Luhuson eman dituzte, talde lanean, zuzendariak, aktoreek, eta talde teknikoko kideek. Otsailaren 12an Oñatin eskainiko dute lehen aldiz. Hil honetako hitzorduak Andoain (19), Markina-Xemein (20), Errenteria (21) eta Donostia (otsailak 26, 27, 28) dira. Momentuz ekainera arte hainbat emanaldi dituzte.

Penagos: «Deserria oso gogorra da»

«Hasieran sentitu nuen hau ez zela nire lurra, baina poliki-poliki moldatu naiz. Deserria oso gogorra da. Hemen nagoenean desiratzen nago Kolonbiara joateko, baina, han nagoenean, Euskal Herrira etortzeko irrikaz nago. Nire sustraiak airean daude. Kolonbiarra naiz eta beti izango naiz, baina orain jada ez da gauza bera. 12 urte asko dira. 25 nituen iristean, gazte», aitortu du Penagosek.

Distantziak bere herria hobeto ulertzeko perspektiba eman dio. «Ia 50 urtez luzatu da gatazka eta hemen egoteak lagundu dit Kolonbiaren egoera ulertu bakarrik ez, baita kontzientzia hartzen ere». Batetik, hizkuntzari dagokionez. «Hemen euskarak bizirik iraun du, baina kolonialismoak gure hizkuntza desagerrarazi zuen. Nik ez nuen gure hizkuntza, chibcha, ezagutu. Hitz solteak bakarrik gorde dira. Pena handia da. Eta prozesua ulertu dut. Horrez gain, dugun arazo handia nortasunari lotutakoa da. Ez dakigu zer garen, kolonialismoaren eta beste hainbat faktoreren eraginez. Hemen identitateak indar handia du eta eman dit perspektiba Kolonbia ongi ikusteko», gaineratu du.