NAIZ

Lizarrietako lepoan Euskal Herriak «mugarik ez duela» aldarrikatu dute ehunka lagunek

EH Bilduk eta EH Baik deituta, jende ugari bildu da Lizarrietako lepoan Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko mugen itxiera salatzeko. «Nazio gisa ditugun eskubideak urratzen dituzte bi estatuek mugen itxiera inposatuz».

Ehunka lagun bildu dira Lizarrietan mugen itxiera salatzeko. (Jon URBE / FOKU)
Ehunka lagun bildu dira Lizarrietan mugen itxiera salatzeko. (Jon URBE / FOKU)

«Euskal Herrian mugarik ez». Hori izan da gaurko aldarria Etxalar eta Sara lotzen dituen Lizarrietako lepoan. EH Bilduk eta EH Baik deituta, jende ugari, 200 pertsona inguru, bildu da zortzi mugen itxiera arbuiatzeko. Duela hilabete hartu zuen erabakia frantziar Gobernuak, «terrorismoaren aurkako borroka» argudiatuta.

«Giro sekuritarioa areagotzen dute. Manipulazio politiko hutsak dira terrorismoaren kontrako borrokaren izenean hartzen dituzten neurriak. Ongi dakigu neurri horiek Euskal Herriko militante politikoei aplikatzen dituztela», adierazi dute Estitxu Pinatxo abeslariak eta Elorri Arin militante feministak, bozeramaile lanetan.

Nafarroa Garaia eta Lapurditik ehunka lagun bildu dira bertan eta tartean EH Bildu eta EH Baiko ordezkariak: Bel Pozueta, Pernando Barrena eta Nikolas Blain, herri hautetsi ugariz gain (Sara, Bera, Zugarramurdi eta Urruñako alkateak, besteak beste, bertan izan dira).

«Nazio gisa ditugun eskubideak urratzen dituzte bi estatuek mugen itxiera inposatuz», gehitu dute. Zentzu horretan, gogora ekarri dute «ez dela lehen aldia horrelako egoera inposatzen digutela».

Ondorioak herritarrengan

Barrenak «europar akordioek babesten duten herritarren mugimendu askatasuna ez dela betetzen ari» nabarmendu du eta horrek mugaz bi aldetako jendearengan dituen ondorioak salatu.

Blainek, era berea, «terrorismoaren kontrako aitzakiapean hesi batzuk inposatzen dizkigutela» salatu du, eta horiek dituzten eragin zuzenak azaleratu. «Gure egunerokotasunean ondorio zuzenak dituzte. Gure eguneroko biziak eta usaiak zapaltzen dituzte».

Zentzu horretan, «abertzaleak izan edo ez», jende ugari «kexu» dela baieztatu du EH Baiko bozeramaileak. «Jendeak ez du ulertzen den nola borrokatzen den terrorismoa zortzi muga itxita gainontzekoak irekita daudelarik». Blainek «arlo guztietan harreman naturalak» daudela ekarri du gogora, baita sozio-ekonomikoan ere. «Osasun krisiarekin ondorioak pairatzen ari direnei orain beste arazo bat gehitzen zaio».

Bestalde, sinadura bilketa bat ere abiatu dute alderdi abertzaleek «pasabideak berriz irekitzea eta dispositibo militar eta poliziala altxatzea exigitzeko». «Zentralismoaren aitzinean, inoiz baino behar handiagoa sentitzen dugu nazio eta herri bezala bizitzeko, erabakitzeko eta, baliabide eta tresnak indartzeko», adierazi zuten ohar baten bidez. «Demokraziaren hustutze honen aitzinean muga artifizialak desegin eta eremu naturala den Euskal Herria eraiki beharra dago, euskal herritar guztien artean, gure bizitzaren erabakiak hartzeko».