NAIZ

Covidari aurre egiteko txertoak ongi banatzeko deia, Afrika 100.000 hildakora iritsi den unean

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak herrialde aberatsei eta farmazia enpresei eskatu die covidaren aurkako txertorik ezpilatzeko, herrialde batzuetako osasun langileak eta arrisku taldeak ez direlako txertorik jasotzen ari.

100.000 hildakora iritsi da Afrika, justu kontinentearen hegoaldean birusaren aldaera hagitz kutsakor bati aurre egiten ari direnean. (Mugarik Gabeko Medikuak)
100.000 hildakora iritsi da Afrika, justu kontinentearen hegoaldean birusaren aldaera hagitz kutsakor bati aurre egiten ari direnean. (Mugarik Gabeko Medikuak)

Txertoak ongi banatzea eta herrialde guztietara ailegatzea funtsezkoa da covidak Afrikan dagoeneko 100.000 lagun hil dituela kontuan hartzen badugu. Zenbaki izugarri horretara iristearekin batera, kontinentearen hegoaldea birusaren aldaera hagitz kutsakor bati aurre egiten ari da ahal bezala, egoera benetan prekarioetatik abiatzen diren osasun sistemekin.

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak eman du informazioa, eta dei egin die herrialde aberatsei txertoak ez pilatzeko. Farmazia enpresei, aldiz, horren konplize ez izateko eskatu die. Soluzioak exijitu dizkie biei, «berandu izan baino lehen» herrialde guztiek txerto eragingarriak azkar jaso ahal izateko.

Orain arte covidaren aurkako txertoaren 194 milioi dosi baino gehiago jarri dira munduan, baina ia bat ere ez da Afrikara ailegatu. Bitartean, herrialde ugarik beren biztanleria baino bi, hiru eta bost aldiz txerto gehiago eskuratzeko akordioak egin dituzte.

«Dagoeneko beren osasun langile asko txertatu dituzten herrialde garatuak beraiek dira orain dela hilabete batzuetatik Hegoafrika eta India buru covidaren osasun produktuen jabetza intelektualaren babesak behin-behinean bertan behera uzteko egiten ari diren ahaleginak blokeatzen ari direnak, txertoak barne, Munduko Merkataritza Erakundean», salatu dute Mugarik Gabeko Medikuek.

Jabetza intelektualaren babesak bertan behera uzteko neurri horrek diru-sarrera gutxi dituzten herrialdeei produktu horiek ekoizteko edo horietara iristeko aukera emanen lieke, teknologien transferentzien bidez eta fabrikazio aukerak handituz.

«Gizateriaren porrot onartezina»

«Gizateriaren eta erantzun globalaren porrot onartezin bat bizitzen ari gara. Badira herrialdeak txertoak pilatzen ari direnak eta jada arrisku gutxiko taldeak immunizatzen ari direnak. Beste batzuk, ordea, ez dira lehen lerroan lanean ari diren osasun langileak txertatzen ere hasi, dagoeneko mugara iritsi diren osasun sistemetan», kritikatu du Claire Waterhouse Hegoafrikako Mugarik Gabeko Medikuen Eragin Politikoko koordinatzaileak.

«Horregatik eskatzen diegu herrialde aberatsetako gobernuei, jada osasun langileak eta arrisku handiko taldeak immunizatu dituztenei, diru sarrera txikiagoak dituzten herrialdeei laguntzeko beren txertoak COVAX-ekin partekatuz», proposatu du Miriam Alia Mugarik Gabeko Medikuen Txertatze arduradunak.

COVAXekin herrialde horiek jasoko dituzten lehenbiziko dosiekin herritarren %1 eta %3 tartean soilik txertatzen ahalko dituztela kalkulatzen dute.