NAIZ
Hernani

NAIZ Kontzertuak otsailaren 26tik 28ra ospatuko dira Hernanin

Pandemiaren larritasuna zela-eta, NAIZ Kontzertuak atzeratzea erabaki zuen antolakuntzak duela aste batzuk. Egoera hobetu ahala data berriak finkatuko zirela iragarri zen. Eta halaxe izan da. NAIZ Kontzertuak bueltan dira, datorren asteburuan, Hernaniko Kiroldegian.

Belakoren zuzenekoa Naiz Kontzertuen baitan, pasa den uztailean. (Gaizka PEÑAFIEL | FOKU)
Belakoren zuzenekoa Naiz Kontzertuen baitan, pasa den uztailean. (Gaizka PEÑAFIEL | FOKU)

Kartela berbera izango da, Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays taldeekin, baina ordutegian aldaketa txiki bat egingo da. Skakeitan izango da jaialdia zabaltzen lehena, ostiralean, otsailak 26, arratsaldeko 19.30ean. Larunbatean Des-Kontrol eta Brigade Locoren txanda izango da. Eta hortxe dator aldaketa. Brigade Locok eguerdiko 13.00etan eskainiko du zuzenekoa eta Des-Kontrol arratsaldean ariko da, 19.30ean. NAIZ Kontzertuen itxiera Zea Maysek eskainiko du, igandean, 19.30ean.

NAIZ Kontzertuen atzerapena iragarri zenean esan bezala, orain arte eskuratutako sarrera guztiak, bai fisikoak zein online jarraitzekoak, guztiak mantendu egingo dira. Nolanahi, sarrera fisikoak erosi zituztenei hauek erabiliko dituzten edo itzuli nahi ote dituzten erantzuteko eskatu zaie SMSz eta e-posta bidez.

Itzultzen diren sarrerok berriro salgai jarriko dira datorren asteazkenean, goizeko 11.00etatik aurrera, Naiz.eus webgunean. Halaber, online sarrerak erosteko aukera ere zabalik egongo da.

NAIZ Kontzertuak publikoarekin egingo dira Hernaniko Kiroldegian eta osasun krisiaren ondorioz ezarri diren segurtasun neurri guztiak ezarriko dira, ikus-entzuleen eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatze aldera.

NAIZ Kontzertuak urtarrilaren 22tik 24ra ziren egitekoak Hernaniko Kiroldegian. Guztia prest zegoen. Baina, esan bezala, osasun krisiaren larriagotzeak asmoak bertan behera uzteko beharra sortu zuen. Egoera kaskarra zen Euskal Herriko leku askotan eta zuhurtziaz eta arduraz jokatzea ezinbestekotzat jo zuen momentu hartan antolakuntzak.

Kontzertuak atzeratzea erabaki zen orduan. Nolanahi ere, atzerapena baino ez zen izan iragarritakoa, NAIZ Kontzertuak egiteko asmoak bere horretan jarraitzen baitzuen. Pandemiaren egoera hobetu ahala data berriak ezarriko zela ohartarazi zuen antolakuntzak eta halaxe izan da, kulturaren aldeko ekinbidea Hernaniko Kiroldegian ospatuko da datorren asteburuan, otsailaren 26tik 28ra.