Haritz Larrañaga

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa sinatzen lehena izango da Hendaia

Hendaiako herriko etxeak Kontseiluarekin hitzarmena sinatzea adostu du osoko bilkuran. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa erreferentzia gisa erabiltzen lehena izango da Lapurdiko herria.

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza, Udaletxeko bilkuran. Guillaume FAUVEAU
Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza, Udaletxeko bilkuran. Guillaume FAUVEAU

Asteazkenean Hendaiako herriko etxean egin zen osoko bilkuran aho batez onartu zen Kontseiluarekin hitzarmen bat sinatzea, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa erreferentzia hartuta, proiektu pilotua martxan jartzeko. Baldintza sanitarioak ahalbideratzen dutenean sinatuko da bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena.

Iazko otsailean herri hauteskundeen atarian, Ipar Euskal Herriko 55 hautagaitzek sinatu zuten euskararen aldeko konpromisoa adierazten zuen agiria. Hain zuzen ere, konpromiso txosten haren baitan agertzen zen Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa babesteko konpromisoa.

Hauteskundeak pasa ziren, herriko etxeak osatu ziren eta hizkuntza politikak martxan jartzen hasi dira Ipar Euskal Herriko erakunde publiko desberdinak, eta testuinguru horretan, Hendaiako herriko etxea izan da lehena Kontseiluak proposatzen duen protokoloarekin bat egiten.

Gauzak honela, sinaduraren ostean Kontseiluaren protokoloa hartuko du Hendaiako Udalak erreferentzia gisa hizkuntza politika diseinatzeko, eta horren ostean, egitasmo pilotu horretatik aterako den metodoa beste herrientzat ere eskuragarri izango da.

Iazko otsailaren 20an izenpetu zuten txostena oinarri hartuta diagnosi bat egingo dute lehenik, eta jarraian hurrengo urteetarako hizkuntza politika nola garatu behar den esateko aholkuak helaraziko zaizkie hautetsiei eta, azkenik, haien esku geratuko da egitasmoa gauzatzea.