NAIZ

Saioa Varela eta Miguel Paz saritu dituzte Asun Casasola ipuin lehiaketa jendetsuenean

Saioa Varela Crespo eta Miguel Paz Cabanas helduen kategorian eta Maria Jose Garcia Flórez eta Oihana Fernandez de  Larrinoa Ibarbia gazteen kategorian, izan dira Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VI. edizioko irabazleak. 537 ipuinekin, inoizko parte hartzertik handiena izan da sariketan.

Asun Casasola sariketaren 6. edizioa da aurtengoa. (NAIZ)
Asun Casasola sariketaren 6. edizioa da aurtengoa. (NAIZ)

Saioa Varela Cresporen ‘Azken erabakia’ eta izenbururik ez duen Miguel Paz Cabanasen obra izan dira Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VI. edizioko epaimahaiak helduen kategorian irabazle hautatu dituen ipuinak. Gazte kategorian, Maria Jose García Flórezen  ‘El refugio de la Grecia antigua’ eta Oihana Fernandez de Larrinoaren ‘Udazkenerokoak’ ipuinek lortu dute saria.

Aurtengo edizioan 537 ipuin bildu ditu sariketak, ‘Libreak ez ausartak’ lelopean. Abiapuntu horrek berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea zuen helburu, eta epaimahaiak bereziki baloratu ditu indarkeria matxistaren aurkako borroka ikuspuntu positibo batetik islatzen zuten ipuinak baita idazlanaren kalitatea ere. «Asun Casasola Ipuin lehiaketan emandako 6 ediziotan izandako parte hartzerik handiena lortu dugu aurtengoan eta beraz, oso oso pozik gaude», ziurtatu dute.

«Kategoriaz kategoria gainditu ditugu gainera gure mugak, eta bereziki pozik gaude gazte kategorietan lortzen ari garen parte hartze handiarekin», gaineratu dute, eta zehaztu dute gazteen gaztelerazko kategorian 63 ipuin jaso dituztela eta 110 euskarazkoan. Urteak pasa ahala, ikastetxeak lehiaketa honekin duten «atxikimendua handitzen eta sendotzen» ari direla eta euren proiektu kurrikularraren barnean kokatzen ari direla ere zehaztu dute.

Helduen kategoriako irabazleek (16 urtetik gorakoek) 300 euroko saria jasoko dute. Gazteen kategoriako irabazleek (12 urtetik 16 urterakoek), aldiz, 100 eurokoa. Gainera,  50 euroko bi opari-bono banatuko dira Iruñeako Katakrak liburudendaren eskutik.

Seigarren  edizio honetako epaimahaia literaturarekin edo feminismoarekin harreman zuzena duten pertsonek osatu dute. «Epaimahaikide guztiek inplikazio maila ezinhobea erakutsi dute hasieratik eta horregatik, antolakuntzatik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu», esan dute. Sari banaketa ekitaldia datorren ostegunean, martxoaren 11ean ospatuko da, arratsaldeko 19.00retan, Irungo Eskola kalean, Oiasso Museoko tabernan; Covid-19aren krisia dela eta ekitaldia aforoz mugatua izango da. Interesatuek asuncasasolaipuina@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

Aurreko edizioetan bezalaxe, ekitaldian ipuin irabazleak irakurriko dira, eskualdeko kazetarien eskutik: Ander Arzak, Aitziber Zapirain, Marialui Garcia eta Maria Jose Atienza izango dituzte bidelagun, Maite Elizondok arpa soinuz laguntzen dituen bitartean. Epaimahaikideak eta irabazleak eta Asun Casasola bera ere bertan izango dira.

Aurten ekitaldia streaming bidez emititzen saiatuko direla ere iragarri dute eta ondorengo egunean, martxoaren 12an, sariketaren web orrian zintzilik egon dela ekitaldiko bideoa.