NAIZ

ETBn lehiakide batek erakutsitako sinbologia arrazistaren inguruan galdetu du EH Bilduk

ETB-1eko ‘Baserria’ saioko lehiakide eta ertzaina den Gontzal Viagak saioan bertan eta Gaztea irratian kamiseta ultraeskuindarra «inpunitate osoz» erakutsi ostean protokoloaren eta neurrien inguruko galderak egin dizkio EH Bilduk EiTBko zuzendari Andoni Aldekoari.

Gontzal Viaga ertzaina ETB1eko ‘Baserria’ saioan, Blues Lives Matter talde ultraeskuindarraren kamisetarekin.
Gontzal Viaga ertzaina ETB1eko ‘Baserria’ saioan, Blues Lives Matter talde ultraeskuindarraren kamisetarekin.

Gontzal Viaga ertzaina ETB-1eko ‘Baserria’ saioan Blues Lives Matter, Black Lives Matter mugimenduaren aurkako eskuin muturreko AEBetako taldearen kamiseta batekin agertu zen. Hurrengo egunean, berriz, Chris Kyle 160 eta 250 pertsona artean hil zituen frankotiratzailearen omenezko elastiko batekin azaldu zen Gaztea irratian.

EH Bilduko Josu Estarrona legebiltzarkideak, honen harira, EITBko zuzendari den Andoni Aldekoari zuzendutako hiru galdera erregistratu ditu.

Gogora ekarri du 2018an, Juan Angel Lekandari egindako elkarrizketa batean, ‘Altsasukoak Aske’ leloa zeraman kamiseta kentzeko eskatu ziotela. «Altsasukoak Aske mezuarekin estilo liburuan jasotakoaren arabera protokoloak funtzionatu zuen. Zergatik huts egin du oraingoan ez behin, bitan gutxienez ultraeskuindarrari lotutako sinbologia eta mezuekin?», galdetu du.

Telebista publikoaren estilo liburuaren arabera, «informazioek ez dute inola ere bultzatuko ez gorrotoa, ez diskriminazioa, arrazoitzat genero, arraza edo bestelako zirkustantzia pertsonal bat eman zein ez» eta «arretaz eragotziko du matxismoari, arrazakeriari, xenofobiari edo pornografiari zabalkunde ematea, terrorismoa goraipatzea eta giza eskubideei erasotzea».

Sinbologia arrazista eta ultraeskuindarra agertu ostean, zein neurri hartuko den galdegin du Estarronak.

Era berean, gogora ekarri du Aldekoak, kargua hartzerakoan ‘Altsasu’ bezalako telesailak egingo ez zirela adierazi zuela, hauek «polarizazioa» sortzen zutela argudiatuz. «Ultraeskuinaren irudi-sinbologia hauen gisakoek gizartearen polarizazioa eragiten dute zuzendariaren ustez?», gehitu du.

EiTBren Administrazio Kontseiluan Aldekoari gaiaren inguruan datorren 2021eko martxoaren 30ean ere galdetuko zaiola jakinarazi du. Egun horretan jaso beharko lituzke erantzunak.