NAIZ

Iruñean eta Logroñon jokatuko dira datorren asteburuan Binakako play-offak

Altuna III.a-Mariezkurrena eta Jaka-Martija bikoteen arteko partida larunbatean jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Ezkurdia-Ladis Galarza eta Olaizola II.a-Rezustaren artekoa igandean izango da Logroñoko Adarragan.

Altuna III.a, pilota astintzeko prest finalerdietako ligaxkarako sailkatuta dagoen Peña II.aren aurrean. (Jon URBE/FOKU)
Altuna III.a, pilota astintzeko prest finalerdietako ligaxkarako sailkatuta dagoen Peña II.aren aurrean. (Jon URBE/FOKU)

Gaur ezagutu dira Binakako Txapelketako play-offak hartuko dituzten bi pilotalekuak: Iruñeko Labrit, larunbatean, eta Logroñoko Adarraga, igandean, izango dira bi partidak hartuko dituzten eszenatokiak. Irabazleek finalerdietako ligaxka jokatzeko zuzenean sailkatuta dauden bi bikoteekin bat egingo dute; hau da, Elezkano-Zabaleta eta Peña II.a-Albisurekin.

Larunbatean, Iruñeko Labriten, hasierako fasea hirugarren amaitu duten Altuna III.a-Mariezkurrena eta seigarren izan diren Jaka-Martijak jokatuko dute 17.15ean hasiko den jaialdi batean –arratsalde horretako beste partidak erabaki gabe daude oraindik–.

Bestalde, igandean, Logroñoko Adarragan, Ezkurdia-Ladis Galarzak –hasierako faseko laugarrenak– eta Olaizola II.a-Rezustak –bosgarrenak– neurtuko dituzte indarrak.

Lehen esan bezala, partida bakoitzeko irabazleek finalerdietako ligaxka jokatzeko txartela eskuratuko dute. Bertan dira jada Elezkano-Zabaleta eta Peña II.a-Albisu, 14 jardunaldiz osatutako lehen fasea lehen bi postuetan amaitu baitute.

Finalerdietako ligaxka apirileko azken bi asteburuetan –Iruñean, Eibarren bi aldiz eta Logroñon– eta maiatzeko lehenengoan –Iruñean eta Bilbon– jokatuko da.

Promozioko play-offak, ostiralean

Promozio Txapelketari dagokionez, ostiralean jokatuko dira play-offak, biak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan 22.30ean hasiko den jaialdian.

Lehenengo partidan Elordi-Garmendia eta Larrazabal-Eskiroz bikoek jokatuko dute, eta bigarrengoan Alberdi-Salaverri II.a eta Zubizarreta III.a-Uriondo arituko dira elkarren aurka.

Salaberria-Etxebarria eta Zabala-Erostarbe finalerdietako ligaxka jokatzeko sailkatuta daude jada.