Ritxi  Aizpuru
Musika argitaratzailea

Musikaren atzenduak

Batbederaren memoriak beti du joera gauzak ahazteko, detaile handiak zein xumeak atzentzeko. Baina memoria kolektiboari zulo gutxiago egiten zaizkio ez ahazteko. Idatzitako memoria historikoari ezin zaio ziririk sartu, gezurrak kenduta. Berriro irakurtzearekin nahikoa da atzendutako pasarteak memoria pertsonalera ekartzeko. Musikak euskarri fisiko eta digitalera ekarri direnean, errazagoa zaigu atzendutako abesti eta doinuaz gozatzea horretarako gura dugunean.

Los Muertos de Cristo taldeak 1997an ‘Los olvidados’ argitaratu zuen. Izenburuak eta hitzek irizpide libertarioak dituzte. 36ko gerran gertatutakoak ekarri nahi ditu egungo memoriara madrildar laukoak, eta Germinal de la Sierra herri askearen eraikuntzaren alde egin. Elena Lopez Agirrek ‘25 mujeres que la música vasca no debería olvidar’ azpititulua erantsi zion ‘Neskatxa maite’ liburuari. Garrantzitsuena ez atzentzea du helburu liburuak.

Baina Tijuana in Blue taldeak ‘Bebe y olvídalo’ kantatu zigun, eta denok, hamaika aldiz, lagundu genion koruetan, «pasatu gabe, ordea». Segura eta Zegamako Tobera Musika Eskolak hautsa kendu nahi die atzendutako musika tresnei eta ikasle ohiak gonbidatu ditu musika elkarrekin jotzera berriro. Horregatik esango al du Aizkorak Zorroztuk ‘Ez ahaztu inoiz nor zaren’? Edo Bide Ertzean taldeak ‘Ahaztearen lezioa’? Lagungarria ez denean, atzendu. Komeni denean, gogoratu. Atzendutakoa gogora ekartzeko bidea da gogoratzearen muga.