NAIZ

Berriz ere kalera atera da Iparraldeko Antzoki Okupatuen Mugimendua

Iparraldeko Antzoki Okupatuen Mugimenduak ekimenak antolatzen jarraitzen du.  «Langabeziaren aseguruaren erreforma kentzea» eskatzen zuen ekitaldi ibiltaria egin zuten ostiralean Lapurdiko hiriburuan. Eta larunbat honetan ekimenak izan dira Baionan, Hazparnen eta Hendaian.

Baionako antzoki okupatua da kulturgileen aldarrikapenen gune nagusia. Bob EDME
Baionako antzoki okupatua da kulturgileen aldarrikapenen gune nagusia. Bob EDME

Iparraldeko Antzoki Okupatuen Mugimenduak ekimenak antolatzen jarraitzen du. Ostiralean Baionako Askatasunaren plazatik abiatuta hiriguneko karrikak zeharkatu zituen lagun talde batek abesten eta dantzatzen, aldarrikapen nagusi batekin, «langabeziaren aseguruaren erreforma ketzea». Eta larunbat honetan ere hitzorduak ezarri dituzte Baionan, Hazparnen eta Hendaian goizeko 10:30etan, guztiak batera zirkuluan ibilaldia egiteko.

Martxoaren 22an Baionako Michel-Portal antzokia okupatu zutenetik ekimen anitz egin dituzte kulturgileek. Egunero, astelehenetik larunbata bitartean «trukaketan, eztabaidan, proposamenetan eta aldarrikapenetan» aritzen dira Baionako antzokian, eta Estatu frantsesean okupatuak diren ehun antzoki okupatuetako dinamikarekin bat eginaz, ostiralero aldarrikapen zehatzak hautatu eta ekintza kultural bat burutzen dute.

Atzo Baionako karrikak zeharkatu zituzten hainbat musikarik Gobernu frantsesak ezarri nahi duen langabeziaren aseguruaren erreformaren kontra protesta egiteko. «Erreforma hau aplikatuko balitz jadanik prekarizatutako langile andana pobrezian murgilduko litzateke», nabarmentzen du Baionako Antzoki okupatuko lagunek argitaratutako komunikatuak.

Kulturgileen esanetan, «erreforma honek gure arteko ahulenak hunkitzen ditu, epe laburreko kontratua dutenak, osasun arrazoiengatik gelditutako langileak eta amatasun oporraldian direnak, finean langile guztiak hunkituak dira aktibitate sail guztietan».

Baionaz harago, Ipar Euskal Herriko herri anitzetan egin dira ekimen desberdinak azken asteburuetan. Apirilaren 17an, esaterako, Azkaine eta Senpereko plazan dantzaldiak eta musika emankizunak izan ziren, eta gaur Baionan, Hazparnen eta Hendaian ezarritako hitzorduak ere ekimen kulturalei babesa emateko ekimenen baitan kokatzen dira. Baionan gainera, «klip baten filmaketa» egiteko hitzordua ere ezarri zuten apirilaren 24rako.

Ekimen guztietan kultur emankizunekin batera hitzarteak izaten dira eta herriko plazetan afixa bidez haien aldarriak zabaltzeko baliatzen dituzte ekimenak antolatzaileek. Besteen artean, behin eta berriz errepikatzen den afixetako batek honako leloa du: «Kulturarik gabe, etorkizunik ez!».