NAIZ

Eraikuntzaren patronalaren arabera, «mehatxuak» jaso dituzte Aroztegian

«Mehatxu» eta «eraso» hitzak erabili ditu Nafarroako eraikuntza arloko patronala biltzen duen Anecop elkarteak Aroztegian izan den kanpaldiari buruz. Enpresek lan egiteko duten eskubidea aldarrikatu eta Tex enpresak diru galerak izan dituela ere adierazi du Anecop elkarteak.

Aroztegian egindako kanpaldiaren irudia. (BAZTANGO GAZTE ASANBLADA)
Aroztegian egindako kanpaldiaren irudia. (BAZTANGO GAZTE ASANBLADA)

Nafarroako eraikuntza arloko enpresak biltzen dituen Anecop elkarteak Aroztegian egon ziren langileek «jazarpena eta mehatxuak» jasan zituztela salatu du. Honekin batera, makina eta ibilgailuek erasoak, margoketak eta gurpil zulaketak pairatu dituztela gaineratu du, «Nafarroako Gobernuak onartu duen PSIS bateko lanak oztopatzeko asmoarekin».

Azken egunotan, Aroztegian kanpaldia egin dute hotel bat, berrehundik gorako etxebizitza eta golf zelai bat eraikitzeko egitasmoaren aurrean protesta egiteko. Betiere modu baketsuan egin izan dira ekimen hauek eta inork ez du «mehatxurik» edo bestelako kalterik salatu.

«Mehatxu kanpaina hau kontrolik gabeko lagun talde batek egin du, inpunitate osoz», gaineratu du Mariezcurrena, Excavaciones Corella, Obenasa, Excavaciones Fermin Oses, Coyser eta Aroztegian lan egitera joandako Tex enpresak biltzen dituen elkarteak.

«Gainditutzat ematen genuen garaietako mehatxu kanpaina» gisa izendatu ditu Baztanen egindako protestak, «hasieran baketsuak baziren ere».

Tex enpresari elkartasuna adierazi dio Anecop patronalak eta «langileek normaltasunez euren konpromisoei erantzuteko duten eskubidea» nabarmendu du. «Zilegi da egitasmoaren aurka egitea, baina ezin dira onartu jarrera hauek», gaineratu du.

«Eraso kanpaina» hau amaitzea eskatu du Anecop elkarteak, Tex enpresa pairatzen ari den kalte ekonomikoa nabarmenduz.