Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Migratzaileen egoera oroitaraziz «muga arrazista» salatzeko ekimena Hendaian

Kanporatzeko arriskuan dagoela agerian uzteko ezpainak josi zituen Bessam G. migranteak pairatzen duen jazarpena salatzeko ekimena egin dute Hendaian. Irunen hilik agertu zen eritrear gaztea ere gogoan izan dute «muga arrazista» desagertzea xede izan duen protestan.

Hendaian dagoen migranteak atxikitzeko zentroaren aurrean elkartu dira hamarnaka lagun tunisiar migrante baten egoera salatzeko. (Bob EDME)
Hendaian dagoen migranteak atxikitzeko zentroaren aurrean elkartu dira hamarnaka lagun tunisiar migrante baten egoera salatzeko. (Bob EDME)

Hamarka lagun bildu dira ostegun arratsalde honetan Hendaian Bessam G. 34 urteko tunisiarraren egoera salatzearekin batera Irun eta Hendaia arteko muga desagertzea aldarrikatzeko.

Ekimena arratsaldeko 18.00etan hasi da. «Muga arrazistarik ez» zioen pankarta baten atzetik ziren lagunak migratzaileak atxikitzeko zentroaren aurrean plantatu dira.

«Elkartasuna», «Errefuxiatuekin» edo «Beldur sekuritarioei ez» bezalako leloak erakutsi dituzten hainbat manifestarik.

Hendaiako herritar talde batek deituriko ekimenaren bidez, bai kanporatua izateko arriskuan den tunisiar gaztea baita joan zen astean Irunen, Bidasoa ibaiatik gertu, hilik azaldu zen migrante eritrearra izan dituzte gogoan.

Bi hilabete luze atxikitze zentroan eman ondoren, bere kasua salatzeko gose grebari ekin zion tunisiar gazteak, protesta ekimen horren baitan ezpainak josi zituela.

Bestalde, bere kanporatze prozesua gauzatzeko bidean eginarazi nahi zioten PCR testa egiteari uko egin ondoren herritar tunisiarrari bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion apirilak 26an Baionako auzitegiak.

La Cimade elkarteak kasu horren harira apirilaren 22an oroitarazi zuenez ez da lehen aldia azken hilabeteetan administrazioak osasun neurriak migratzaileen egoera oraindik ere gordinagoa bilakatzeko baliatzen dituela. Horrendako, elkarte horrek frantses Gobernuari eskatu dio «atzerritarren aurkako neurrigabeko errepresioarekin bukatzeko».

Santiago zubiraino eraman dute protesta

«Hau ez da kasu isolatu bat, gure eskualdean etengane ikusten ditugu horrelakoan, eta modu oso gordinean gainera» salatu du gaur Hendaian ekimena antolatu duen herritar taldeak.

Ildo beretik «frantziar eta espainiar estatuak, Europar Batasuna eta beren indar armatuak» arrefuxiatuek pairatzen duten egoera krudelaren erantzule egin dituzte frantziar Poliziak gertutik jarraitu duen protesta ekimenaren bidez.

«Guri dagokizu muga inposatu eta arraziata hau haustea Euskal Herria harrera herria izan dadin betiko» adierazi ondoren atxikitze zentroa atzean utzi eta manifestazioa egin dute Santiago zubiraino.

Kontrol iraunkorra atxikitzen duten polizien aurrean «muga arrazista» desagertzea eskatzen zuen banderola utzi dute jarrita zubian ondoren ekimenari amaiera emanez.