NAIZ

Jakitea eta Ustarroz izan dira Idiazabal Gazta Berria ebakitzeko ekitaldiaren protagonistak

Jakitea Elkarteak ebaki du Idiazabal Gazta Berria asteazken honetan ekitaldiaren XXVII. edizioan. Joxe Mari Ustarroz ere omendu egin dute, artzaintzaren alde eta gaztaren inguruan egindako lana txalotuz.

Jakiteak ebaki du Idiazabal Gazta berria. (Ordiziako Udala)
Jakiteak ebaki du Idiazabal Gazta berria. (Ordiziako Udala)

Jakitea Elkarteak Idiazabal 2021eko Gazta Berria ebaki du asteazken honetan Ordizian. Oiangu parkean egin den eta pandemiak atzeratu behar izan duen ekitaldi honen XXVII. edizioak edukiera mugatua izan du.

Ongietorriaren ostean, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak hartu du hitza, eskerrak emanez ordezkariei ekitaldian parte hartzeko gonbita onartzeagatik, eta baita Joxe Mari Ustarrozi, «Idiazabal Gaztaren alde hainbeste urtez egindako lanagatik», zein erregulartasun sariak jaso dituztenei. Gazta ebakieraz arduratu direnei ere zuzendu dizkie hitzak: «Eskerrik asko Jakiteako lagunei, gure sukaldaritzatik beti Idiazabal gaztarekiko apustua egiteagatik, eta egoera zail eta ilun hauetan ostalaritzan aurrera egiten jarraitzeagatik».

Bide horretan, azoka izan du hizpide alkateak: «Ordizia ezin da gure azokarik gabe ulertu, garena zor diogu. Eta gure azoka ere, ziurrenik, ezingo genuke ulertu Idiazabal gaztarik gabe. Produktu izarra izan da mendeetan, eta gaur egun, oraindik horrela jarraitzen du».

Ezenarrorekin batera, bertan izan dira Arantxa Tapia, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, eta Felix Ajuria, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko lehendakaria, besteak beste.

Agintarien adierazpenen ondoren, Miriam Molina, Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Deituraren Gerenteak 2020ko kanpainaren berri eman du, eta erregulartasun sariak eman dizkie Ander Barandiaranen Gaztañaditxulo Gaztandegiari eta Abel Goibururen Goiburu Gaztandegiari, biak Idiazabalgoak.

Joxe Mari Ustarrozi omenaldia

Urtero, omenaldia egiten zaio Idiazabal Gaztaren zabalpenean lan egin duen pertsona edo erakunde bati. Aurtengoan, aitortza hau Ordiziako Udalak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak azken urteotan Idiazabal Jatorri Izendapenaren Lehendakaritzan egon den eta urte askotan Uharte-Arakilgo Artzai Egunaren sustatzailea izan den Joxe Mari Uztarrozek jaso du.

2004. urtean Joxe Mari Ustarroz Idiazabal Jatorri Izendapen Babestuaren Kontseilu Arautzaileko lehendakari izendapena nabarmentzekoa izan zen, ordurarte ardura hau ekoizpenarekin zuzenean lotutako pertsonen gain erortzen baitzen. Batzar hartan aho batez onartu zuten urtetan Idiazabal Gaztaren defendatzaile sutsu izango zenaren izendapena eta gaur aitortza hau erantsi zaio.