NAIZ

Itziar Ituño eta Duplaren ‘Hamaika Gara’ dantza erronka Areatzara eramanen du Gure Eskuk

Gure Esku mobilizazio bat antolatzen ari da Hamaika Gara ekimenaren sustatzaile diren gainerako eragileekin batera, uztailaren 3an Bilboko Areatzan. Gaur aurreratu dutenez, Itziar Ituñok eta Duplak sare sozialen bitartez zabaldutako erronka izango da ardatzetako bat.

Itziar Ituñok eta Duplak ‘Hamaika Gara’ abestiarekin dantzatzeko erronka bota dute Instagram sare sozialean, eta ez dira gutxi izan erronkari eutsi dioten jarraitzaileak. Hainbat pertsona ezagun ere badago dantza grabatu eta sare sozialen bidez partekatzera animatu direnen artean: Antton eta Julen Telleria, Ainhoa Vitoria, Kai Nakai, Iban Garcia, Garazi Beloki, DJ Bull, Lander Garro edo Gure Eskuren bozeramaile Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez.

Gure Esku mobilizazio bat antolatzen ari da Hamaika Gara ekimenaren sustatzaile diren gainerako eragileekin batera, uztailaren 3an Bilboko Areatzan, eta gaur aurreratu dutenez, dantza hori izango da mobilizazioaren ardatzetako bat.

Jendeak etxetik prest ekarri dezan bideo-tutorial bat zabaldu du Gure Eskuk. «Sinestuta gaude dantzan ere emango dugula burujabetzarako bidean behar dugun jauzia, eta honenbestez, herritarrei dei egiten diegu gurekin bat egin dezaten Hamaika Gararen erritmoan».

Bestetik, Hamaika Gara solasaldi zikloaren baitako hurrengo saioaren berri eman dute. Asteartean, maiatzaren 11n, ‘Galeusca: hiru herri erabakitzeko bidean. Un horizonte compartido’ solasaldia eskainiko dute, 18:30etatik aurrera haien webgunearen bitartez.

Amalur Alvarez, Gure Eskuren bozeramailea, Marcel Mauri, Omnium Culturalen presidente-ordea, eta Maria Xosé Bravo, Vía Galegaren bozeramailea, ariko dira hizlari, eta Martxelo Otamendi ‘Berria’ egunkariko zuzendariak gidatuko du saioa. «Galiza, Katalunia eta Euskal Herrian gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta egoera ezberdinetan bagaude ere, norabide berean goaz eta antzeko oztopoak topatzen ari gara. Europari zein Espainiari begira, batera aritzeko unea al da?», izango da eztabaidaren abiapuntua.